Abian ipini ditudan ekimen berri guztietan beti eman izan diot garrantzia berezia hauen aurkezpenari. Proiektu guztiek aurretik hausnarketa sakon batean jatorria dutela, arrazoi edota behar batzuen ondorioa direla eta aurrera eramatea justifikatua dagoela garbi uzteari balio handia ematen diot. Hau guztia dokumentatzen saiatzen naiz eta, ekimenak aurrera egiten duenean, txosten bat prestatzen dut lankideen artean edota gurasoen artean banatzeko.
Badakit gehienentzat nire planteamendu asko “txapa luze eta jasangaitzak” besterik ez direla. Tira, euren interesa pizteko idatziko banitu, ziurrenik beste modu batera egingo nuke. Baina, egia esan behar badut, argumentazio hori guztia, batez ere, niretzat egiten dut, saltsa berrietan zergatik eta zertarako sartzen naizen garbi edukitzeko balio izaten baitit.
Bada Koolaborategiaren kasuan horrelaxe izan da ere. Proiektuaren marko orokorra deskribatzen duen txostenaren hasieran, eskola moderno batean horrelako ekimen bat martxan jartzeak justifikatzen duten hiru puntu jasotzen ditut. Sarrera atal honen izenburua EZAGUTZAREN GIZARTETIK, “DO IT YOURSELF” GIZARTERANTZ da eta kontu etiko-filosofikoak gustukoak dituzuenontzat, azpian ipintzen dizuet bertan aipatzen dena.
Gaur egun inor ez da harritzen “ezagutzaren gizartean” bizi garela entzuten duenean. Gaurko gizartea XX. mendean nagusitu zen “gizarte industriala”-rekin dituen desberdintasunak azpimarratzeko erabiltzen da espresio hori. Komunikabideen ugaltzea, ekonomiaren garapena, aisialdiaren kultura… eta, batez ere, teknologia digitalaren eta, bereziki, interneten garapena izan dira, besteak beste, bi gizarte horien arteko bilakaera markatu duten mugarri garrantzitsuenak.
Transformazio hori, azken hamarkadetan progresiboki gertatu den prozesu baten ondorioa izan bada ere, aldaketa sakonenak mende honen lehenengo hamarkadan gertatu direla onartu behar dugu. 90. hamarkadan herrialde aurreratuetako hiritarrak nagusiki informazio kontsumitzaileak baziren, internet sozialak (Web 2.0 izenez ezagutu dena) iraultzak edukiak sortzen dituzten hiritarren agerpena eragin du. Oso denbora epe laburrean, hiritarrok informazio hartzaile pasiboak izatetik, informazio sortzaile aktiboak izatera igaro gara.
Bilakaera honek, transformazio sakonak eragin ditu gure gizartean:
- Informazioa eskuratu, filtratu, gorde, berrerabili eta argitaratzea jada ez dago industria jakin baten menpe. Informazioaren kudeaketa jada ez dago jabetza pribatuen eskuetan.
- Egoera berri honek, kolokan jarri ditu gizarte industrialean normaltzat jotzen ziren planteamendu asko; jabetza intelektuala, lizentzia pribatiboak, partekatzearen eta berrerabilpenaren garrantzia, ekoizpen digitalak banatu eta argitaratzeko modu berriak…
- Goikoaren haritik, gizartean kultura librearen edo software askearen aldeko mugimenduak nagusitzen eta ugaltzen joan dira. Guztiek softwarea eta kultura ondare unibertsalak direla aldarrikatzen dute.
Konturatu gabe, aro digitalak, industria iraultza eta kapitalismoaren garapenaren aurreko garaietara bueltatu gaitu, non kultur sorkuntzak merkatu-legeetatik aske zeuden.
Eta goiko egoera horrek nora eramango gaituen oraindik oso garbi ez badaukagu ere, bere ondorio batzuk dagoeneko sumatzen hasiak gara. Poliki-poliki eta zarata gehiegirik atera gabe, iraultza berri baten zantzuak antzematen hasiak gara:
- Ezagutzaren partekatzeari esker, kultura librearen eskutik eta software askea euskarri bezala erabiliz, guztiok bihurtu gara sortzaile digitalak. Alegia, teknologia digitalari esker eta interneten eskutik, komunitate digitalera bueltatzen dugu komunitatetik jasotzen duguna.
Azken urteotan ordea, tresneria digitalaren garapenari eta aplikazio berrien agerpenari esker, eduki digitaletan oinarrituta, objektu errealak ekoizteko aukera zabaltzen eta nabarmentzen hasi da. 3D teknologiaren garapena, CNC tresneriaren merketzea, prototipo eta fabrikazio azkarreko softwarearen sinplifikazioak…. edonoren esku ipini du mota guztietako objektu eta gailuak ekoizteko aukera. Une honetantxe, ezagutzaren partekatzeari, kultura libreari eta software askeari esker, edonork dauka aukera XXI. mendeko artisau digital batean bilakatzeko. - Interneten iraultza soziala izan zen lehenengo. Alegia, noiznahi eta nonahi konektatuta dauden hiritarrez osatutako sare birtualen garapenean oinarrituta egon zen. Adituek diotenez, bigarren iraultza heltzear dago eta iraultza hau “gauzen internet” bezala ezagutuko da. Kasu honetan objektuak eta gailuak izango dira internetera etengabe konektatuta egongo direnak, ingurune errealetik datuak jaso eta ingurune birtualera bidaliko dituztenak. Eta alderantziz. Sarera konektatutako eta mikroprozesadorez hornitutako sistemak nonahi agertuko dira, input (sentsoreak, nagusiki)/output (motorrak, argiak…) sistemak modu autonomoan funtzionatzen izango dituztenak. Planteamendu eta sistema elektroniko hauek berriak ez badira ere, OpenHardware bezalako mugimenduei esker (Software Askearekin filosofia partekatzen duen mugimendua; gailu elektronikoen diseinu irekia eta librea bultzatzen du) “gauzen internet” delako iraultza epe laburreko kontua izango dela esan daiteke. Izan ere, horrelako mugimenduei esker, material elektronikoa erostea guztien esku dago eta gailuak diseinatzeko informazioa sarean zehar modu librean partekatzen da.
- Aurreko bi joera horien eskutik pixkanaka mundu osoan nabarmentzen hasi den mugimendu sozial berri baten agerpena gertatu da. Hauexek dira mugimendu horren identitate ezaugarri nagusienak:
- “Do It Yourelf” (DIY) filosofiaren inguruan eraiki da
- Multinazionalen atzaparretatik libre eta autonomo bizi nahi duten hiritarrek osatzen dute.
- Egungo gizartea murgilduta dabilen giro kontsumista alde batera utzi eta, fabrikazio pertsonalaren eskutik, auto-hornitzea aldarrikatzen dute.
- Gizartean izpiritu ekintzailea eta proaktiboa bultzatzen du, horretarako elkarlan-sareak zabalduz eta sendotuz mundu mailan.
Komunitate hauek espazio fisiko baten inguruan burutzen dute euren jarduna, komunitateko kideek euren ekoizpenak aurrera eramateko behar dituzten makina eta tresnak bertan partekatzen baitira. Gainera gune hauetan eskaintzen zaie, horrela nahi dutenei, formazioa eta trebakuntza fabrikazio prozesu desberdinetan. Gune hauek FABLAB, Hackerspace edo Makerspace bezala ezagutzen dira. Azken urteotan, horrelako espazioek mundu mailan izan duten bilakaera benetan aipagarria izan da eta, zantzu guztien arabera, bilakaera honek nabarmen egingo du gora hurrengo urteetan.
Aurrerago esaten bagenuen internet sozialaren iraultzak kultura partekatzeko modua, kapitalismo eta industria iraultzaren aurreko garaietara bueltatu duela (argitaletxe eta disketxeak horretaz oraindik jabetu ez badira ere), “gauzen internet” eta DIY mugimendu honen eskutik, antzeko zerbait gertatzen ari dela esan daiteke: eskala txikiko produkzioak egiten dituzten artisauen ugaltzeak, azken mendeko produkzio sistementzat mehatxu bat suposatzen dute. Edonor bihur daiteke artisau digital batean. Sare egokiak diseinatuz gure beharrak modu libre eta autonomoan fabrikatzeko aukera daukagu gaur.
Eskola komunitatean, Lanbide Heziketako ikasketen aurrean, Goi Mailako ikasketak jarraitzea oraindik hobesten denean (aipatu dugun “ezagutzaren gizarte” honetan, oraindik ezagutzak pilatzeari, gauzak egiteari baino garrantzia gehiago ematen zaio, tamalez) mugimendu berri honek goitik behera alda dezake joera hori. Izan ere, web2.0-arekin gertatu zen moduan, mugimendu honen eragina laster izango dugu gure eskoletan. Orain ikasle guztiek euren informazio beharrak asetzeko behar dituzten baliabideak jada eskoletan eskura dituzten moduan, laster guztiek izango dute ia edozer eraiki, sortu edo fabrikatzeko baliabideak ere. Horrela, jakitea eta egiten jakitea eskutik joango diren bi konpetentzia klabe izango dira. Eta horrek, ziurrenik, egungo eskola egitura aldatzea ekarriko du, egun oraindik existitzen den lan-intelektualaren eta esku-lanaren arteko muga desagerraraziz. Eta eskolak ezin dio datorren errealitate berri honi bizkarra eman.
Ikuspuntu honetatik justifikatzen dugu KOOLAB egitasmo honen beharra gure ikastolan.
Iruzkin berriak