Select Page

Ia urtero gertatzen zait gauza bera. Kudeatzen ditudan informazio iturri desberdinetatik jasotzen dudan material uholdea patxadaz irakurtzeko ez dut denborarik hartzen eta, lehen begirada batean interesgarrienak diruditenak, beranduago irakurtzeko gordetzen ditut. Baina beranduago hori ez da ia inoiz heltzen eta azkenean urte amaiera heltzen denean irakurtzeko zain ditudan artikuluen zerrenda erraldoia izaten da. Horrela, oporretako lehen egunak gordeta ditudan sarrerak irakurtzen pasatzen ditut. Irakurtzen aritu naizen horietako asko proiektuen diseinu, garapen eta ebaluazioaren ingurukoak izan dira. Horietatik interesgarrienak iruditu zaizkidanak azpian zerrendatu dizkizuet.

  • Learning In A Project Based World bi orriz bakarrik osatutako pdf sinple baina, aldi berean, oso baliagarria proiektuak zer diren (edo izan beharko luketen) ulertzeko. Labur labur azaltzen ditu proiektu baten ezaugarri nagusiak eta esteketan klikatuz, material osagarri interesgarri piloa topa daiteke.
  • PBL Design Kit: Proiektu baten garapenaren etapa desberdinetan erabil daitezkeen baliabideen bilduma zabala eta interesgarria. Halako toolkit edo herraminta kutxa praktiko bat maila eta arlo guztietan erabiltzeko
  • Work That Matters – The Teacher’s Guide To Problem-Based Learning: “This guide is for teachers. It explains how to design and run  projects for students that begin with an enquiry and end with a tangible, publicly exhibited product.” Ba horixe deskribapena. Baliabide ugari pdf honetan ere.
  • The Difference Between Projects And Project-Based Learning: proiektuak egitea eta proiektuen bitartez ikastearen artean dauden desberdintasunak azaltzen dituen artikulua. Autoreak artikulu honen 2.0 bertsioa argitaratu zuen urtebete beranduago. Aurrekoa bezala, bigarren hau ere, benetan interesgarria.
  • Canvas para el diseño de proyectos: egia esan, proiektu bati itxura ematen laguntzeko Conecta13ko lagunek diseinatu zuten taula hau aspalditik nuen gordeta. Aurretik ipini ditudan baliabideen osagarri baliagarria izan daitekeela iruditu zait eta horregatik erabaki dut txertatzea hemen. Beti esaten dut proiektu baten garapenean oinarritutako planteamendu metodologikoa (bere aldaera guztiekin) eduki curricularrak ikasteko baina (niretzat oraindik garrantzitsuena dena), baita ere, konpetentzia metadiziplinarrak garatzeko aukera ezin hobea dela. Baina, aldi berean, arazo egoera bati irtenbidea emango dion prozesua diseinatu eta garatzea guztiok (bai ikasle eta baita irakasleok ere) ikasi beharko genukeen “eduki” bat (bizitzarako ezinbestekoa) dela iruditzen zait. Inprimaki honek, aurreko baliabide guztiek bezala, helburu horretara heltzen asko laguntzen du.
  • 50 Questions To Help Students Think About What They Think: proiektu bat behar bezala bideratzen laguntzeko norberak bere buruari egin dakizkiokeen galdera desberdinen zerrenda
  • The Inquiry Process: ikerketa lan bat garatzerakoan aintzat hartu behar diren hainbat alderdi (informazioaren kudeaketarekin lotutakoak guztiak) modu grafiko batean jasotzen duen irudia. Interesgarria ikasleak, lanean hasi baino lehen, zer egin behar duten ulertzeko:

  • Creativity & Innovation Rubric: ez daukat garbi proiektu baten garapen prozesuan sormena eta berrikuntza bezalako gaitasunak/trebetasunak/konpetentziak (ez dakit nola definitu) ebaluatu daitezkeen edo ez. Modu kuantitatibo batean behintzat, ez dut ikusten. Agian ikuspegi kualitatibo batetik (adierazle batzuk aurretik definituta), zentzu gehiago eduki dezake. Lan konplexu horretan BIEk diseinatutako rubrika hau baliagarria izan daiteke.
  • Maker Rubric: “Giving a grade or percentage score on a maker project is a highly contested topic. Is it truly in the maker spirit? Maybe, maybe not. However, it certainly cannot be argued that giving authentic feedback to student makers is highly valuable. It also cannot be argued that the current system we work in values grades. It is our objective to further help develop and implement the Maker initiative within classrooms and within the curriculum; we created this rubric with these thoughts in mind” Ba horixe bera pentsatzen det nik ere.
  • Rubrica de trabajo en equipo: Lengua Castellanako gaian erabilitako rubrika bat baina beste edozein ikasgaietan erabil daitekeena berdin berdin.
  • Hacia una evaluación auténtica y consciente en Educación Física:  artikulu hau ere aspaldikoa baina asko gustatzen zait. Rubrikatik harago, ebaluazio formatiboan zentzua duten bestelako tresna baliagarri piloa aurkezten dira bertan, guztiak Gorputz Hezkuntzako gaiarekin lotuta daude. Gogo eta imajinazio pixka batekin, ziur nago antzeko tresnak asmatu eta garatu ditzakegula gure ikasgaiekiko espezifikoak direnak.

Hortxe zerrenda luzea. Niri iritziz lehendabiziko hiruak baliabide benetan interesgarriak dira proiektuekin lanean hastea animatzen zaretenontzat. Dagoeneko ikasturtea hasita dago eta ez da erraza izaten, behin ikasturteko zurrunbiloan sartuta gaudela, horrelako saltsetan hastea. Baina ekainean edo datorren ikasturteko irailean, ikasgai desberdinez osatutako irakasle taldetxo bat elkartzeko moduan baldin bazaudete proiektu multidiziplinar bati forma emateko, material hau esku artean izatea ondo etorriko zaizuela ziur nago. Ea hala den.

EGUNERAKETA 2018-01-03: nire ikastolako zuzendaria, Mikel Etxarri (@MikelEtxarri) ni baino azkarragoa da baliabide hauek aurkitzen eta, hori gutxi balitz, nik ez daukadan ohitura on bat dauka: ahal den kasuetan (beti ez da posiblea izaten) materialak euskaratzen saiatzen da. Hemen daukazue The Inquiry Process eta POI baten Canvasa euskaratuta. Eskerrik asko Mikel!