Select Page

Hauxe da teknologia-laborategiei eskainitako trilogiaren azken atala. Aurreko biak oraindik irakurri ez badituzu hementxe ipintzen dizkizut lotura biak:

Elkarrekin…

Askotan esaten dudan moduan, teknologia-laborategian burutzen ditugun proiektuak ZTIM edukiak (STEM ingelesez) “beste modu batera” ikasteko bitarteko paregabeak izaten dira. Aldi berean, ekiten eta egiten ikasteko konpetentzia garatzeko metodo eraginkorrenetako bat da. Ez da hain arrunta izaten, ordea, aurrekoak bezainbesteko garrantzia duen beste alderdi bati erreparatzea. Alegia, arazo-egoerak identifikatu eta hauei konponbide egokia emango dieten proiektuak diseinatu, kudeatu eta garatzea ikasleek ikasi behar duten beste “eduki” garrantzitsu bat dela. Arazo konplexuei irtenbidea emateko gai izatea, bizi dugun XXI. mendeko gizarte honetan, konpetentzia kritikoa bat dela entzuten ari gara behin eta berriro. Bada gure ikasleek ez dute konpetentzia hori jaiotzetik ekartzen, landu eta garatu behar den konpetentzia da.

Helburu bat (ZTIM edukiak ikasi) zein bestea (arazo egoerei irtenbidea ematen ikasi) izanda ere, garbi dago helburu bietan bikaintasunetik gertu ibili nahi badugu, derrigorrezkoa dugula ekipo on bat osatzea (kirolean erabiltzen den antzeko terminologia erabiliz) Ondo kohesionatutako ekipoak, elkarren artean ondo ulertzen diren kideez osatutakoa, norberak duen rolari lotutako zereginak modu autonomoan burutzeko gai direnak eta, aldi berean, zailtasunak dituzten taldekideei esku bat botatzeko prest daudenak. Kooperatzen ikastea, aurreko bi ikaskuntzen gainetik dago, beraz, eta edozein proiekturen arrakastaren oinarria dela ulertu behar dute gure gaztetxoek (eskolaz kanpo praktikatzen dituzten kiroletan mila aldiz entzun eta egin duten bezala)

Kirolean, taldekideen artean gatazkak edo gaizki ulertuak sortzen direnean, entrenatzaileak garbi izaten du gatazka horiek konpontzea ezinbestekoa dela epe laburrean emaitza onak lortu nahi baditu behintzat. Eta, normalean, ez da arazorik egoten kontu honi behar duen denbora eskaintzen baldin eta horrela talde-kohesioa eta giro ona (ezinbestekoa emaitza onak lortzeko) berreskuratzen bada. Baina ikaskuntza formalean iruditzen zait hartzen ditugun erabakiak guztiz kontrakoak izaten direla: Ikasleak taldetan banatu ondoren, euren artean lehenengo tirabirak sortzen diren unean, segituan hasten gara ikasle problematikoekin “xakeko mugimenduak” egiten arazoak dituzten taldeetan giroa “normalizatzeko” asmoarekin. Askotan ematen du ez dugula konplikatu nahi edota ez dugula denbora “alferrik” galdu nahi horrelako kontuekin eta irtenbide errazenera jotzen dugu. Baina ez gara jabetzen horrelako erabakiekin gure ikasleei “elkarrekin lan egin eta bizitzen ikasteko” aukera kentzen ari garela. Taldean arazoren bat dutenean konpontzeko ahalegin bat egin behar dutela irakatsi beharrean, konponbidea taldetik alde egitea irakasten ari gara. Horrela, kooperatzen ikastea ezinezkoa da.

Gatazka horiek minimizatzeko edota konpontzeko modu asko daude, taldeak osatzeko erabiltzen diren dinamiketatik hasita (egunen batean idatziko dut niri nahiko txukun funtzionatzen didan modeloaren inguruan) sortzen diren arazoak konpontzeko baliagarriak izan daitezkeen tekniketaraino helduta. Baina ikasleak taldez aldatzea azkeneko erabakia izan beharko litzateke, nire iritziz. Ikasleek ez dituzte aukera asko izaten kontu hauen inguruan hausnartu eta ikasteko. Hori dela eta, duela ikasturte batzuetatik ona burugogor jartzen naiz kontu honekin ikasleen aurrean. Nire kasuan Koolaborategia (eta, oro-har, teknologia-laborategiak) elkarrekin bizitzen eta kooperatzen ikasteko espazioak izan behar direla erabaki dut.

Ikaskuntza prozesu formaletan talde kohesio hori lortzea askotan konplikatua dela egia bada ere, egia da, baita ere, ikaskuntza prozesu informaletan justu-justu kontrakoa gertatzen dela. Atsedenetan, eguerdietan, arratsaldeetan… adin eta maila desberdinetako ikasleak Koolaborategian elkartzen direnean, euren artean ematen diren sinergiak, elkarlanerako dinamika espontaneoak, kooperaziorako izpiritu hori… beneta harrigarria izaten da. Une horietan ez da gatazkarik izaten, alderantziz, elkarrekin lan egiteko behar hori zerbait naturala eta espontaneoa bihurtzen da. Giro hori bizi eta gozatzea eta giro horretan garatzen diren proiektuetan parte-hartzea da nire lanbidean gehien motibatzen nauena. Eta uste det hori dela Koolaborategiko ateak ahalik eta ordu gehienetan irekita edukitzea motibatzen nauen arrazoi nagusiena.