Select Page

Pasa den hilabeteko azken eguneko sarreraren ondorengoa da hau. XXI. mendeko eskola batean teknologia-laborategi bat zer den definitu behar izanez gero, azpiko esaldian laburbilduta datorren espazio bat izan beharko litzatekeela komentatzen nuen aurrekoan:

“Teknologia-laborategi bat elkarrekin egiten eta ekiten ikasteko espazio ireki bat da.”

Espazioa irekia izatea niretzat zuen garrantziaz hitz egin nuen orduan. Orain, bigarren alderdi garrantzitsu baten inguruan arituko naiz, “ekiten eta egiten ikasteko” konpetentziaren inguruan, hain zuzen ere.

…egiten eta ekiten ikasteko…

Tontakeria txiki batekin emango diot hasiera atal honi. Euskara, alderdi askotan, terminologia benetan aberatsa duen hizkuntza da. Beste hizkuntza askotan termino edo hitz bakar batez izendatzen diren kontzeptu asko, euskaraz, askotan, xehetasun txikietan desberdintzen diren termino desberdinekin izendatzen ohi dira. Egia esan, ez dakit alderantzizko kasuak hain arruntak diren. Dena dela, nik termino bat behintzat ezagutzen dut, hezkuntzaren alorrean garrantzi bereziko hitz bat, ikasle, guraso zein irakasleok (gizarte osoak, oro har) bolo-bolo erabiltzen duguna gainera. “IKASI” aditza da, oso desberdinak diren kontzeptu edo ekintza bi izendatzeko erabiltzen dugun aditza. Elhuyar Hiztegira “ikasi” terminoaren gaztelaniazko itzulpena aztertzera joaten bagara honek, “estudiar” eta “aprender” hitz biak proposatzen dizkigula ikusiko dugu. Bere itzulpena ingelesez , “to study” edo “to learn” dira. Eta frantsesarekin antzeko zeozer gertatzen da (“apprendre” edo “étudier” proposatzen du) Alderantzizkoa probatzen badugu, Elhuyar Hiztegiak “estudiar” edota “to learn” terminoen itzulpenarentzat, noski, “ikasi” bueltatzen digu, baina baita ere “estudiatu”. Hiztegiak horrela badio, “estudiatu” aditza euskaraz onartuta dagoela ez dut ukatutako baina hezkuntzan hogei urte egin ondoren, ezin dut gogoratu inoiz inork “estudiatu” hitza erabili duenik nire aurrean.

Eta zergatik hasten naiz kontu honekin? Bada iruditzen zaidalako gure herrian, orokorrean, eta irakasleon artean konkretuki, kontzeptu bi horiek bereiztea kosta egiten zaigula askotan. Duela urte batzuk, gure ikastolan konpetentzien lanketarekin hasi ginenean, irakasle askok “Ikasten ikasteko konpetentzia” entzuten zutenean “estudiatzen ikasteko konpetentzia”ri buruz ari ginela uste zutela konturatzen nintzen. Ikasle batek ikasten ikasi behar zuela aipatzen genuenean, “etxean lan gehiago egin behar du”, “denbora hobeto antolatzen jakin behar du”, “materiala ordenatuta edukitzen saiatu behar da”, “ez ditu apunteak azpimarratzen eta ondorioz eskemak gaizki egiten ditu”… eta antzeko planteamenduak entzuten ziren klaustroan. Denborarekin joan gara ulertzen konpetentzia horren atzean zer dagoen baina hortxe anekdota. Dena den, oraindik irudipena daukat, Bigarren Hezkuntzan eta Goi-Mailako Hezkuntzan lan egiten dugun irakasleon proportzio handi batek ez duela onartzen estudiatu gabeko ikaskuntzarik. “Benetako ikaskuntzak” bermatzeko estudiatzea modu bakarra dela pentsatzen dutenak gehiengo bat direla esango nuke nik. Ikertzea, diseinatzea, margotzea, gorputzarekin adieraztea, egitea, komunikatzea… prozesuetatik barneratutako ikaskuntzak ezin dira estudiatzen lortzen direnekin alderatu, inondik inora. Aurreko ekintza guztii horiek, askotan, jolastearekin edo denbora galtzearekin erlazionatzen dira oraindik, irakasle askoren iritziz, estudiatzeak ez bezala, ez dutelako esfortzu handirik exijitzen. Tamalez ohikoak dira “ikasle honek ez du ikasi (estudiatu) nahi, ez du lanik egiten, ezin da Unibertsitatera joan” edota “ikasle honek ez du ikasteko balio baina Lanbide Heziketan ondo moldatuko da” bezalako esaldiak klaustroetan entzutea. Baina ez bakarrik klaustroetan. Estudiatzea ikasteko modu bakarra dela, gizartean oso errotuta dagoen zerbait dela oso garbi daukat, tutoretza bilera askotan aurrean izan ditudan guraso askok horrela pentsatzen dutela erakutsi baitidate behin baino gehiagotan.

Ikasleak Koolaborategian Hovercraft bat fabrikatzen

Horregatik desagertu dira gure ikastetxeetatik (salbuespenak salbuespen) laborategiak (metodo zientifikoa ikasteko modu eraginkorra izango ez balitz bezala); edota irakurketa txokoak (edo liburutegiak, nahi duzuen bezala) ikasleen imajinazioa, baloreak, sentimenduak… eragiten diren espazio berezi horiek; edota arte ederrekin erlazionatutako jarduera gehienak; edota gorputz-espresioa (antzerkia, dantza, mimika…) lantzeko espazio eta denbora tarteak; edota oratoria edo ahozko-komunikazioa jorratzeko bitarte eta bitartekoak. Eta, nola ez, asmamena, arazo konplexuen ebazpena, gailuen diseinu eta fabrikazioa… garatzeko bereziki pentsatutako teknologia-laborategiak. Arlo eta leku horietan guztietan plazerra, erlajazioa, gozamena eta emozioa dira nagusi. Eta horiek dauden bitartean ezin dela gehiegi ikasi pentsatzen dute oraindik askok eta asko. Orain gauzak aldatzen ari direla ematen badu ere, gizartea hamarkada asko darama “ekiten eta egiten ikasteko” konpetentziari (aurrean aipatutako ekintzetako askok honen garapenarekin erlazionatuta daude) duen balioa kentzen. Gizarteak ere, antza, asko dauka ikasteko oraindik!!

Ez gaitezen engainatu. Teknologiaren garapenak eta, batez ere, digitalizazioak, “estudiar=aprender”, “learn=study” edota “apprendre=étudier”  erlazio zuzen hori, neurri handi batean, apurtu egin du. Garai batean ezagutzaren tenpluak ziren eskola eta unibertsitateek zuten protagonismoan krak handi bat gertatu da teknologiaren erruz. Gaur, behar dugun informazioa eskuratu eta barneratzeko ez da derrigorrezkoa une eta espazio jakin batean euren esperientzia profesionala transmititu nahi diguten adituen beharrik. Teknologiari esker, esku artean daukagun edozein arazo edo erronka konpontzen lagunduko diguten “irakasle ez-ofizial” asko ditugu edozein unetan behar duguna ikasten laguntzen digutenak. Adituen disertazioak memorian grabatuta gordetzeko beharra ez da duela hamarkada batzuk bezain garrantzitsua. Gaur maila kognitiboan Bloom-en Taxonomian zehaztutako mailako baxuko pentsamendu gaitasun gehienak, gogoratu, ulertu eta aplikatzearekin erlazionatuta daudenak (eskoletan oraindik jorratzen diren ekintza nagusienak izaten direnak, gainera) teknologiaren laguntzaz burutu daitezke. Eta bide batez, garrantzia berezia hartzen dute goi-mailako adimena jokoan ipintzen dituzten ekintzak, baita zeharkako konpetentzia metadiziplinarrak edota askotan “bizitzarako konpetentziak” bezala ezagutzen diren horiek.

Zenbatetan entzun dugu dagoeneko, gaurko gizarteak asko dakiten hiritarrak baino gehiago, “bizi dugun bizitza konplexu honetan suertatzen zaizkigun arazoei konponbidea ematen dakiten hiritarrak” behar dituela. Etengabe eta ziztu bizian aldatuz doan errealitate honetan arrakastaz moldatu ahal izateko, gaztetxoen garuna iraungitze epe oso laburra duten edukiez bete beharrean, euren bizitzan topatuko dituzten ikaskuntza beharrak modu autonomoan eskuratu eta horiek praktikan ipintzen ikasteko konpetentzia/gaitasun/adimen/trebetasun/jarrera edo direnak garatzea dela gakoa entzuten ari gara behin eta berriro. Ezagutzak praktikan ipinita soilik garatzen dira “ekiten eta egiten ikasteko” eta “norbera izaten ikasteko” zeharkako konpetentziak edota arazo konplexuak konpontzeko, erroreen gaineko jarrera eraikitzailea bultzateko, edota konpetentzia digitala garatzeko… gaitasunak. Horregatik daukat garbi berebiziko garrantzia duela zientzia-laborategiak, antzokiak, atelierrak, liburutegiak, irratiak eta, nola ez, teknologia-laborategiak berreskuratzea, biziberritzea eta euren erabilera sustatzea konpetentzia eta gaitasun horiek garatzeko estrategia nagusi bezala.

Ikasleak lanean Koolaborategian

Ez daukat kristalezko bolarik jakiteko honek guztiak suposatzen duen iraultza noiz gauzatuko den (inoiz errealitate bat izango ote den zalantzak ditut) Baina Jakintza ikastolako Koolaborategian ardurak ditudan bitartean, helburu horren mesedean lan egingo dudala garbi daukat. Atseden, eguerdi edota arratsalde askotan Koolaborategira zenbat ikasle etortzen diren (askotan ohiko “entzun/ulertu/adierazi/errepikatu” mekanikarekin ondo moldatzen ez diren ikasle asko) eta ze ilusio eta gogorekin egiten duten lan ikustearekin bakarrik, oso garbi daukat esfortzu hori ondo merezita dagoela.