Select Page

Koolaborategia martxan jarri genuenean nire konpromezuetako bat gune hori ikasleentzat ahalik eta denbora gehien irekita edukitzea izan zen. Banekien erabaki horrek nire denbora librearen zatirik handiena tailerrean sartuta egotea suposatuko zidala. Baina, egia esan, ez zitzaidan gehiegi ajola, izan ere, eskolaz kanpoko orduetan ikasleekin sortzen den lan-giroa benetan aberatsa izaten baita.

Ikastetxe gehienetan, klase orduak amaitzen direnean, patioa izaten da ikasleentzat libre egoten den espazio bakarra. Barruko beste gune guztiak (liburutegia, laborategia, gelak…) ikasleentzat itxita egoten dira atseden, eguerdi edota arratsaldean, klaseak amaitu ondoren.

Atsedena, batez ere, kirola edo patioan jolasean aritu nahi duten ikasleentzat soilik dago pentsatuta. Baina asko dira, denbora hori beste modu batean gustura aprobetxatuko luketenak. Eta teknologia laborategia horietako bat izaten da.

Bai Jakintzan, baita iaz Txantxikun ere, tailerra beti eduki izan dut irekita. Eta benetan harrigarria da ikustea zenbat eta zenbat ikasle etortzen diren bertara lanera, euren gauzak egitera. Urtetik urtera, gainera, geroz eta gehiago dira.

Goikoa atzoko atsedenean ateratako bideoa duzue. Eguraldi bikaina, patioan lagunekin gustura egoteko modukoa. Eta hala eta guztiz ere, Koolaborategia topera. Egia da ikasturte hasiera dela eta DBH1eko ikasleak, batez ere, erabat emozionatuta egiten direla tailerrean daukatenarekin. Ziurrenik, ikasturteak aurrera egiten duen heinean ikasle kopuruak behera egingo du. Leial lehengo diren ikasleekin ziur nago gauza politak egiteko aukera izango dudala.

Eguberritako oporren aurretik berriro igoko dut beste bideo bat. Ea orain agertzen diren ikasleen aurpegietatik zenbat ikusten ditugun abenduan berriro ere.