Blog hau martxan jarri nuenean IKTen inguruan ez nuela idatziko agindu nion nire buruari. Ez behintzat azken bi hamarkadetan IKT bezala ulertu denaren inguruan, nire ikuspegitik berrazterketa sakon bat behar duen kontzeptu bat baita. Nire asmoa egiten eta ekitearekin, sormenarekin, elkarlanarekin eta antzeko kontzeptuekin lotura duten gaien inguruan idaztea zen. Baina, jakina, teknologia-laborategi moderno batean teknologia digitalaren presentzia eta erabilera alderdi kritiko bat da eta honek erlazio zuzena gordetzen du laborategian parte hartzen duten erabiltzaileen (batez ere, ikasleen) konpetentzia digitalarekin. Eta kontu honek, alegia, DBHko ikasleen konpetentzia digitalak, oso kezkatu nauka ikasturte berri hau hasi dugunetik.
2001. urtean IKT dinamizatzaile bezala lanean hasi nintzenean Microsoft zen Euskal-Herriko eskoletako software hornitzaile nagusiena (nagusiena ez dakit, baina garrantzitsuena bai). Software lizentziak erosita edo erosi gabe, ikastetxe gehienetan Windows eta Office ziren ekipo guztietan falta ezin ziren aplikazio nagusi biak. Monopolio horrek zituen alderdi ilunak azaltzen saiatu ginen gutako batzuk, software askeak eskoletan erabiltzeak zituen onurak justifikatzen saiatu ginen ere eta, Jakintza ikastolaren kasuan, ikastolako klaustroak onartu zuen migrazio plan bati esker, pixkanaka-pixkanaka softwarea librearen erabileran urrats txiki batzuk ematen hasi ginen, konbentzituta gainera erabaki horrek onurak izango zituela ez bakarrik ikastolaren barne kudeaketan edota gure irakasle eta ikasleen askatasunean, baita ere euren konpetentzia digitalaren garapenean ere.
Prozesu hau 2007-2009 bitartean burutu genuen Jakintza ikastolan. Hamar urte besterik ez dira pasa ordutik. Eta egoera zeharo aldatu da hamarkada honetan. Eta ez pentsa aldaketak azpiegitura mailan izan direnik. Gure ekipo guztiek Ubunturekin funtzionatzen jarraitzen dute eta gure zerbitzaria Proxmox bitartez birtualizatutako Ubuntu Server bat da. Aldaketak beste maila batean gertatu dira: lainoak lokaleko idazmahaiarekin akabatu du. Gaur eskoletaningurune birtualak lokalari “de goleada” irabazten dio. Aurten DBH1en ditudan ikasleekin argi eta garbi ikusi dut hori. Ikasle hauek ordenagailua piztu eta berehala jotzen dute nabigatzailera (gehienetan Chrome, gutxiagotan Firefox) euren betiko “Apps”-ak ireki (dagoeneko gaztetxoentzat “Aplikazio” hitzak berak zentzua galdu du) eta lanean hasteko. Berdin dio zein aplikaziorekin lan egin behar duten; nabigatzailea ireki eta sarera joatea errutina ba bihurtu da beraientzat.
Gogoan dut gure ikastolan 2006an jarri genuela martxan orduan Google Apps (orain GSuite) deitzen zen zerbitzua. Hasieran GMail izan zen gehien erabiltzen zen aplikazioa, Geroago Drive etorri zen eta bere ofimatikako aplikazio pakete guztia. Ondoren, mapa kontzeptualak sortzeko, bideoak eta irudiak editatzeko, aurkezpenak multimediak egiteko … web aplikazioak erabiltzea behartu genituen ikasleak (ikastoletan behintzat, EKI proiektua izan zen joera horren eragile nagusiena) Hauetako “App” gehienak Chrome-n soilik erabili daitezkeenez (edo Chromekin bakarrik ateratzen zaie zuku gehiena) Google-en nabigatzaileak protagonismo guztia hartu zuen, Firefox ia erabat baztertzea lortu duelarik. Eta noski, egoera honekin garbi zegoen zein izango zen Google-ek emango zuen hurrrengo urratsa: zertarako behartu ikasleak ekipo batean lokalean saio hasi eta jarraian nabigatzailean prozesu bera errepikatzea GMaileko kontu batekin? Chromebook-ekin Mountain View-ko multinazionalak idazmahai lokalarekin amaitzeko falta zitzaion azken mugimendua egin zuen: nahikoa da erabiltzaile bakoitzak bere GMaileko kontuan saioa hastea, bere idazmahai biortualean lainoan erabiltzen dituen “app” guztiak eskura izateko. Horrelaxe, ia inor konturatu gabe, hamar urteren bueltan Google-ek Microsoft-i hezkuntza munduko monopolioa kendu dio.
Eskolan metamorfosi hau gertau den bitartean Euskal-Herriko etxeetan ere, poliki-poliki gauzak aldatzen joan dira. Ez dauzkat datu zehatzak, uste bat besterik ez da, baina gaztetxoek oso denbora gutxi pasatzen dute gaur etxeko ordenagailuaren oantailaren aurrean. Etxeko ordenagailua “lanerako” apenas erabiltzen da eta bideojokuetarako ere, geroz eta gutxiago erabiltzen dela iruditzen zait niri. Gaur begien aurrean duten pantaila nagusiena ez da etxeko ordenagailuarena, euren mugikorrena baizik. Duela hamarkada bat ez zegoen smartphonik gure etxeetan ordea!! Mugikorretan, Chromebook-etan gertatzen den bezala, aplikazio bat instalatzeko ez dago bere luzapena zein den jakin beharrik; AppStoretik app hori jaisten da eta kitto! (jaistea zer den ere askok ez dute ulertzen). Bost axola die .apk den edo ez (zer kontatuko dizuet .exe, .dmg edota .deb fitxategiei buruz dakitena 🙁 ) Mugikorrekin (eta Chromebook-ekin ere neurri batean) bukatu dira karpetak, karpeten gaineko baimenak, artxiboak eta artxiboen formatu eta luzapenak. Eta luzapen bakoitza irekitzeko lehenetsitako aplikazio bat dagoela jakitea ere ez da derrigorrezkoa, ikonoaren klik bikoitza eginda beti irekitzen baita. Hain da sinplea eta gardena Android mugikor baten edota Chomebook baten erabilera, duela urte batzuk 12-13 urteko nerabe batek zituen oinarrizko ezagutza informatikoak gaur ez direla beharrezkoak.
Tira, ez direla beharrezkoak? Ez daukat hain garbi. Gehiago oraindik, kontu honek burukomin asko sortu dizkit ikasturtea hasi dugunetik. Badira sei bat aste edo DBH1en teknologiako klaseekin hasi naizenetik. Lehen eduki blokea 2D diseinuaren inguruan da, tailerrean ditugun baliabide digitalei behar bezalako etekina ateratzeko beharrezkoa iruditzen zaigulako oinarri batzuk hasiratik eskuratzea. Inkscape erabiltzen hasi gara lehenik. Aplikazio honekin bi ariketa sinple egiten ikasi dugu: testua irudi bihurtu eta bitmap irudiak kalkatu. Bi kasuetan ikasleek sortutako irudiak .svg formatuan gorde behar dituzte gero 3D inprimagailu, laser-ebakigailu edo fresatzeko makinara bidaltzeko. Inkscapekin amaitu ondoren Draftsightekin hasi gara lanean, oinarrizko CAD irudi lauak sortzen ikasteko. Hauek, berriz, .dxf formatuan gorde behar dituzte, ondoren tailerrean ditugun makinetara bidaltzeko.
Ikasleek ikasi behar dituzten oinarrizko kontzeptuak barneratzeko ohiko azalpen magistralak alde batera uzten saiatzen naiz. Aldiz, ikasleei proposatzen dizkiedan jarduera sekuentziak burutuz, froga-errore prozesu baten bitartez, kontzeptu horiek barneratzen laguntzen diet. Baina beti daude oinarrizko eduki batzuk gelan ikasleei azaldu behar zaizkienak. Kasu honetan garbi nuen bitmap irudi eta irudi bektorialen artean dagoen desberdintasuna, pixelak zer diren, bezier lerroak zer diren… ezinbestekoa zela nik azaltzea. Baina horraino, punto! Zein oker nenbilen!
Bada ikasturte honetako lehen klasean, aipatutako kontu horiek azaldu ondoren, ahots altuan esan nien ikasle guztiei “Ireki Inkscape!”. Nire harridurarako, ikasleen %90ak (eta ez det exajeratzen) Chrome ireki eta bilatzailean “Inkscape” idatzi zuten!!! Denbora tarte txiki baten ondoren, klaseko ia ikasle guztiak inkscape.org webgunean nituen, harro gainera gehienak nik esandakoa eurak bakarrik betetzea lortu zutelako 🙁 Panorama ikusita, ikasleei galdetu nien: “Inkscape ekipoan instalatuta dagoen aplikazio bat da. Nondik irekitzen dira ekipoan instalatutako aplikazioak?” Eta bizkarra ematen zidan ikasle batek, munduko patxada guztiarekin, erantzun zidan: “App Storetik!?” WTF! Hamar minutu (edo gehiago) kostatu zitzaidan ikasle guztiek Inkscape irekita edukitzea! Ariketa amaitutakoan irudia svg formatuan gor beharko zutela komentatu nien: “svg? Gorde? Baino gorde non? Ez dira automatikoki gordetzen, ala?”
Baina kontua ez zen hor gelditu. Ikasleek Inkscapen egin beharreko ariketak Driven partekatuta daukadan aurkezpen batetik jaitsi behar dituzte. Loturan klik egin behar dute eta gero “Download” aukeratu, besterik ez. Askok oinarrizko prozesu hori nola burutzen zen ez zekiten. Asmatu zutenek fitxategia non demontre gorde zuten fijatu ere ez ziren egin. Eta fitxategia lokalizatzeko gai zirenak, bere gainean klik bikoitza egin eta GIMPen irekitzen zuten. A ze kaosa! Ez dakizue zenbat energia galdu nuen amaigabea bihurtu zitzaidan lehen ordu hartan. Eztarria urratuta, fisikoki nekatuta eta erabat desmoralizatuta bada ere, azkenean lortu nuen ikasle guztiak lanean ipintzea Inkscapen. Kostata baino azkenean gelan isiltasuna nagusi zen eta ikasle gehienak lanean ari ziren. Halako batean, ariketak gainontzekoak baino dezente lehenago bukatzen dituen ikasle espabilatu batek, zera galdetzen dit ahots altuan: “Jokin, nola partekatzen da irudi bat zurekin Inskcapen?” Hori bakarrik behar nuen! Gelatik alde egiteko gogoa eman zidan, benetan.
Hemen bukatu zela guztia pentsatzen badezute, oker zabiltzate. Ondoren etorri zena are eta apokaliptikoagoa izan zen oraindik. Ariketarekin amaitzeko, Inkscapen egindako irudia svg formatuan gorde ondoren Tinkercadera “Inportatu” behar zuten, bolumena eman eta ondoren stl formatuan ordenagailura “esportatu”. Amaitzeko, stl fitxategia email mezu batean erantsi behar zuten, adjuntu bezala, eta niri bidali 3D inprimagailuan inprimatzeko. Imajina dezakezue zernolako nahasmena sortu zen gelan. Formatuak nahastu, fitxategiak zein karpetatan zituzten gordeta ideiarik ez, jaitsi edo igo, inportatu edo esportatu zer zen piperrik ulertu ez, email batean fitxategi bat nola txertatzen den ideiarik ez (gehienek Drive-era igotzen zuten stl fitxategia eta gero mezuan eransten zidaten dokumentuarebn esteka, Drive-eko beste dokumentuekin egiten zuten bezala)… Postara heldu zitzaizkidan mezuetako asko fitxategi erantsirik gabe heldu ziren, beste batzuk svg fitxategiekin, beste batzuk jpg irudiak ziren, batek pantaila-irudi bat bidali zidan…
Batzuk pentsatuko duzue ahoberoa naizela. Beste batzuk, agian, kontu hauei ez diezue halako garrantziarik emango. Egongo da norbait ere gauza hauek guztiak DBH1eko ikasleentzat konplikatuegiak direla pentsatuko duena. Duela hiru urte besterik ez dira pasa eduki berdinak landu nituenetik orduko DBH1eko ikasleekin eta gelan aurkitu nuen errealitatea oso desberdina zen. Eta mugikorren aurreko garaira joango bagina, adin bereko ikasle gehienek arazok gabe kontrolatzen zituzten kontu hauek.
Beti esan dut teknologiaren helburua gure bizitza errazagoa egitea dela. Eta Google-ek hori lortu du hein handi batean. Teknologiaren erabilera sinplifikatzea eta erabiltzaile tipo guztietara hedatzea, “per se” ez dut gaizki ikusten. Baina badira oraindik gure eguneroko bizitzako alderdi asko ezin direnak kudeatu lainoan dauden tresnekin eta gutxiago oraindik Google-ek eskaintzen dizkigun baliabideekin. Ekipoan instalatutako aplikazioekin lan egitea behartuta gaude oraindik, bai eskolan baita lan munduan ere. Eta gaur egungo ikasleak oso galduta ikusten ditut kontu hauetan. Izan al daiteke ikasle bat, gaur egun, digitalki konpetentea duela urte gutxi batzuk ezinbestekoak ziren ezagutza eta gaitasun hauek menperatu gabe? Nik ezetz pentsatzen dut. Eta gehiago esango huke. Askotan haserretu egiten naiz kontu hauen inguruan ardurak dituztenek paso egiten dutela ikusten dudanean. Ikasleen konpetentzia digitalaren garapena konpetentzia metadiziplinarra den unetik eta irakasleon misio nagusiena hezitzaile izatearena den momentutik, uste dut askoz ere arreta gehiago jarri beharko geniola kontu honi.
Google-ek hezkuntzan lortu duen monopolioari alderdi txar asko ikusten dizkiot baina nagusiena agian aurrean aipatu dudana izan daiteke. Ez dakit Lehen Hezkuntzan egoera zuzentzeko ezer egiteko aukera izango dugun. Nik garbi daukadana da hurrengo ikasturteetarako, teknologiako lehen klaserako prestatuta neukan ongi-etorri saioa alde batera utziko dudala eta aurrean aipatutako kontu hori guztiak ikasleei irakasten saiatuko naizela. Ez daitezela irten ikastolatik behintzat analfabeto digitalak bezala.
Oso artikulu interesgarria. Eskerrik asko zure bizipenak kontatzeagatik.
Artikulu hau, Googlek (AEBtako) hezkuntza sisteman lortzen ari den monopolioari buruz mintzo da:
https://mobile.nytimes.com/2017/05/13/technology/google-education-chromebooks-schools.html
Puntu batean hau dio:
“In doing so, Google is helping to drive a philosophical change in public education — prioritizing training children in skills like teamwork and problem-solving while de-emphasizing the teaching of traditional academic knowledge, like math formulas. It puts Google, and the tech economy, at the center of one of the great debates that has raged in American education for more than a century: whether the purpose of public schools is to turn out knowledgeable citizens or skilled workers.”
Aupa Txopi
Artikuluan EEBBtako eskolen errealitatea azaltzen bada ere, gurearen oso antzekoa dela esango nuke nik. Egi galanta da zuk azpimarratu duzun paragrafoan esaten dena. Duela urte gutxi batzuk ezinbestekoak ziren hainbat ezagutza akademiko (nire kasuan informatikarekin lotutakoak) alde batean uztea lortu du Googlek (eta lainoan sortu diren zerbitzu guztiek ere, ez bakarrik Google-ek) azken urteotan. Eskoletan hardware eta sistema eragileak Interneterako pasarelatan bihurtu dira. Garai batean izan zuten garrantzia galdu dute. Lehen ikastolarako ekipo bat erosi behar nuenean ze ezaugarri zituen goitik behera errepasatzen nituen; bideogintzarako edo irudi ediziorako baziren txartel grafikoa nolakoa zen, disko gogorraren abiadura zenbatekoa zen, RAM memoria nahikoa bazuen… begiratzen nuen. Gaur ekipoak ze ezaugarri dituen ez da kritikoa (horregatik saltzen dira hainbeste Chromebook), lanketa guztia sarean egiten delako. Gaur kritikoa bihurtu dena Interneterako konexio on bat izatea da (eskolan eta etxean ere, jakina) hortxe pasatzen baitute egun osoa gure ikasleek (eta gutako gehienek ere)
Ez da gai erraza. Google-ek ez du doahineko aplikazioak eta “low cost” ekipoak bakarrik eskaintzen. Eskolen barruan daukagun ekosistema teknologiko konplexua (erabiltzaile, aplikazio eta zerbitzuen aldetik) kudeatzeko sistema sinple, eraginkor eta seguru bat eskaintzen du. Badakit existitzen direla alternatiba libreak (https://izaroblog.com/2017/10/18/googlen-hezkuntzan/) eta libreak ez direnak baina horrelako soluzioak proposatzen dutenek edo ez dute eskolen errealitatea ezagutzen edota ez dira kontzienteak horrelako irtenbideek suposatzen duten konplexutasunetaz.
Microsoften garaian pentsatzen genuen moduan pentsatzen jarraitzen dut oraindik ere. Gakoa ez da teknología, gakoa hezkuntza da. Jakintzan azpiegitura guztia librea daukagu baina “librearen” kultura transmititzen ez dugu asmatu. Eta horregatik gaude berriro ere duela sei urte egon ginen egoera berean. Ikasleak eskuartean zer eta zergatik erabiltzen duten kontzientziatzea da lehen urratsa. Eta horretarako Ines Bebeak Tabakaleran aurkeztu zigun materiala oso garrantzitsua izan daiteke. Agian, hortik joan beharko ginateke.
Eskerrik asko blogatik pasatzeagatik eta iruzkintxoa uzteagatik Txopi. Kontu honetan ere gauzak asko aldatu dira azken sei urteotan 😉
Bizi gara bizi garen gizartean, eta ez beste baten. Eta egoera aipatzen duzuena da.
Horrela izanda, nik uste inportantea dela ikasleei (eta irakasle, guraso, …..) google-en prezioa zein den garbi uztea da. Horrelako zerbitzuak ez direla dirutan ordaintzen, baina ordaintzen direla.
Eta, hala izanda ere, alde onak eta txarrak kontutan hartuta, erabiltzeko erabakia hartu dela.
Aupa Xabi
Nik horrela ikusten det. Ez badago aurretik heziketa lan bat eskola komunitate osoarekin, azpiegitura mailan egindako ahalegin guztiarekin arazoa barniz kapa fin batekin estali besterik ez da egiten. Duela hamar urte lan handia egin behar izan genuen software librearen aldeko migrazioa lortzeko baina egindako esfortzu handi hura ez zen heldu behar izan zen lekura. Eta orain antzeko egoera batean gaude.
Ez daukat guraso eta irakasleak kontzientziatzeko formula magikorik. Badakit gai naizela honetaz ikasleekin hitz egin eta eurei begiak irekitzeko. Baina ez dakit ikastola osoan ez ote naizen lan horretan bakarra.
Kaixo Xabier:
Baina nork hartu du eta noiz hartu da erabaki hori? Haurrei Google-n prezio hori zein den garbi uzten zaie, noiz eta nola? Nire ustez, badira irakasle asko horretaz tutik ez dakitenak eta haurrei Google Maps irakasten dietenak Open Street Map existitzen denik ere ez dakitelako. Gurasoei DOC eta PPS fitxategiak bidaltzen zaizkie haurrek etxean lan egin dezaten, Windows eta Officetik at zer dagoen ez dakitelako.
Aipatzen duzun erabakia hartu dela argi dago, baina nire ustez maiz modu inkontzientean hartzen da. Jendeak Windows, Google eta WhatsApp erabiltzen duenez, haurrei horixe erakusten zaie. Kito. Software librea elikadura osasuntsuarekin parekatuko bagenu, haurrei eskolan bolleria industriala ematen diegu jateko, Google erabiltzera behartuz. Nola sinistuko du inork Google, Apple edo Microsoftek ezer txarra dutenik hori argi eta ozen esaten ez bada eta gainera etengabe hori erabiltzera behartzen baditugu haurrak (eta gurasoak)? GMail, Suite, Drive, Docs, Maps, School…
Esan dezagun egia. Google erabiltzea oso erosoa da. Pedagogikoki egiten dituen ekarpenak haurrentzat suposatzen duen dependentziarekin alderatuz nik pertsonalki ez dut bat ere argi merezi duenik. Alternatibak aztertu dira? Ordezko osasuntsuak (libreak) daudenetan ere ez dira irakasten. Nire ustez, aipatzen duzun erabaki horren atzean ez dago hausnarketa sakon eta burutsu bat non ondorioa da merezi duela. Esango nuke erantzuna sinpleagoa dela, ezjakintasun eta erosotasuna direla gidari.
Has gaitezen gaur egungo arriskuak aztertzen (duela urte gutxi baino askoz handiagoak dira). Has gaitezen alternatibak serio aztertzen (duela urte gutxi bainoa askoz gehiago daude). Ziur nago lanean hasi eta batera hobetzeko hainbat ideia izango ditugula. AEBtako hainbat ikastetxetako jantokietan zabor-janaria ematen dute. Klasean Googlen Chromebook-ak gero eta gehiago erabiltzen dituzte. Guk bide berdina jarraituko dugu? Beste aukerarik ez badago, egin beharko, baina lehenik eta behin ziurtatu gaitezen beste aukerarik ez dagoela. Nire ustez hainbat eta hainbat daude eta gure behar gehienak asetzen dituztenak. Denak ez? Eta zer? Alde batetik gal dezakeguna ziur beste alde batzuetatik irabaziko dugula. Adibidez, haur autonomoagoak eta askeagoak haziz. Nire ustez merezi du eta garaiz gaude.
Eskerrik asko,
Txopi.