Gustura joaten naiz Koolaborategira asteburutan. Egia da zorte handia dela tailerra etxetik 100 metro eskasetara edukitzea. Ikastola etxe ondoan edukitzeak alderdi onak eta txarrak ditu eta hau on horietako bat da.
Ikasturte honetarako nire buruari jarri dizkiodan helburuetako bat CNC fresatzeko-makinari kaña pixka bat ematea da. Ia hiru urte egon da geldi, nire iritziz, Koolaborategian dugun altxorrik handienetako bat eta astindu on bat emateko garaia badela iruditzen zait. Uztailatik hona proba ezberdinak egin ditut fresatzeko-makinarekin, guztiak egurrarekin, (ea egunen. batean tarte bat hartzen dudan egindako froga guztiak hemen azaltzeko) Gogoa neukan ikusteko nola moldatzen zen makina metakrilatoarekin. Aurretik egiaztatuta neukan zeinen ondo moldatzen zen plastiko akrilikoa laser-ebakigailuarekin, azpiko irudiak horren adibide dira.
Entzunda neukan metakrilatoa ez dela material egokia fresatzeko-makina batean grabatu edota mozteko. Orain arte probatu gabe nengoen horrela ote zen eta gaur, goizean goiz, Koolaborategira joan naiz horrela den frogatzera. Duela aste batzuetatik hona DBH1eko ikasleekin 2D diseinua lantzen ari gara eta ikasleek bidalitako diseinu batzuk erabili ditut probatzeko.
Lehenengo pieza Sararena izan da. Bere izena Draftsight erabiliz idatzi du eta, dxf formatuan gorde ondoren, posta elektronikoz niri bidali dit. Bere izena plastikoan grabatzeko V-Bit motako 3 mm-tako lodiera eta muturrean 60ºko angelua duen fresa bat erabili dut. Barruko zuloa eta kanpoko obaloa mozteko, aldiz, 3 mm-tako “end mill” (ebakitzeko fresa??) bat erabili dut. Aukeratu dudan V-Bit fresa hori egokia da grabatuak egurrean egiteko baina metakrilatoan ez ditu emaitza onak ematen. Horretaz gain sakontasun gehiegi eman diot grabatzeko orduan eta emaitza ez da oso “fina” izan.
Hurrengo txanda Oihan eta bere lehoiarena izan da. Fresa berdinak erabili ditut baina grabatzerakoan sakontasun gutxixeago eman diot. Eta emaitza hobea izan da, zalantzarik gabe. Dena den, ez naiz erabat gustura geratu emaitzarekin. Nahiz eta sakontasun gutxiagorekin grabatu, V-bit motako fresa bat ez da egokiena plastikoa mozteko, are eta gehiago grabatuak zehaztasun handia behar duenean.
Azkeneko saiakera Maddalenek bidalitako diseinuarekin egin dut. Diseinu abstraktu bat da, originala, barrutik ebakitzeko aukera ematen duena. Aurretik erabilitako bi fresak aldatzea erabaki dut. Grabatzeko 3 mm-ko kirtena duen eta 1 mm-ko muturra duen fresa berezi bat erabili dut. Eta barruko, nahiz kanpoko, ebakiak egiteko 6 mm-tako kirtena eta 1,5 mm-tako “punta” duen fresa bat aukeratu dut. Eta emaitza bikaina izan da, batez ere, azken fresa honek ebakia zeinen dotore egin duen ikusita. Ez dut esango laser-ebakigailuan bezain leun geratu denik kanpoko ingerada, baina oso gertu ibili da. Azpian dituzue erabilitako fresa biak.
Larunbata emankorra izan da, dudarik gabe. Laser-ebakigailuaren “puesta a punto” egiten dugun bitartean ondo dago beste alternatiba batzuk probatzea: fresa desberdinak, mozte-abiadura eta sakontasun ezberdinak… Eta bide batez, nire DBH1eko ikasleek egiten duten lanaren truke sari txikiak irabazten dituzte. Azpian dituzue astelehenean banatuko ditudan hiru piezak: urdina Sararena da, gardena Oihanena eta gorria Maddalenena.
Eta fresatzeko-makinak plastikoa nola grabatu eta mozten duen ikusi nahi baduzue, hementxe daukazue gaur goizean grabatutako bideo txiki bat.
Iruzkin berriak