Select Page

Poliki-poliki geroz eta ikastetxe gehiago dira teknologia laborategi berriak martxan jartzen edota betiko teknologia gela “tradizionalak”, digitalizazioaren eraginaren ondorioz, egokitzen ari direnak. Gure Koolaborategia martxan jarri aurretik denbora asko pasa nuen munduko bazter desberdinetan sortzen ari ziren espazioen jarraipena egiten. Artikulu pilo bat, pdf txosten mordo bat eta mota guztietako iruzkinak irakurri ondoren, gauza bat garbi geratu zitzaidan: guztien atzean dagoen filosofia berdina edo oso antzekoa bada ere (I, II eta III), ideia eta helburu horiek lantzeko sortu, garatu edo moldatu diren espazio edo lekuen ezaugarriak oso desberdinak izan dira guztietan. Ikastetxe bakoitzak, dituen leku eta baliabideen baita, estrategia eta bide desberdinak jarraitu ditu teknologia laborategiak martxan jartzerakoan.

Eta Jakintza ikastolako laborategiaren jatorria ere nahiko berezia izan zen. Gure kasuan, dagoeneko martxan genuen teknologia tailerra berritzeko diru-laguntzen bila hasi ginen. Ordurako 3D inprimagailuen berri bagenuen eta helburu nagusia horrelako makina bat tailerrera ekartzea zen, orduan nire ikasleekin egiten nituen proiektuei kalitate plus bat emateko asmoarekin. NER Group elkartearengana jo genuen gure proiektua aurkeztera. Eta uste baino harrera hobeagoa izan zuen, izan ere, onartu ziguten aurrekontuarekin gure teknologia laborategi zaharra fabrikazio digitaleko tailer moderno batean bihurtzeko diru-laguntza onartu ziguten.

[slideshare id=85767250&doc=nergroup-180105163914]

Baina honek, diru-laguntza honek arazo asko konpontzen lagundu zigun bezala, arazo potolo berri bat sorrarazi zigun: ikastolan ez genuen lekurik etorriko ziren baliabide berri guztiak baldintza egokitan kokatu eta erabiltzeko. Teknologiako gela zaharra berez ez zen oso handia eta laser-ebakigailua eta CNC fresatzeko makinak barruan sartuta, ez zegoen ikasleak sartzeko modurik. Espazio berri baten beharra genuela konturatu ginen. Baina nondik atera leku hori? Zorionez, orduko zuzendaritza taldeak eta, bereziki orduko zuzendariak, Amaia Ayerrak, apustu handia egin zuen teknologia laborategi berri bat martxan jartzearen alde eta, mailegu bat eskatu ondoren, ikastolako portxean gure Koolaborategi berria muntatu genuen. Eta bide batez, teknologia gela zaharra liburutegi berri eta moderno batean bihurtu genuen.

Hasieran aipatu dudan bezala, ordura arte, makerspace bat ikastetxeetan muntatzeko ezagutzen nituen moduak oso desberdinak ziren: teknologia laborategiak liburutegietan muntatzen hasita zeuden eskolak ezagutzen nituen (EEBBtan nahiko arrunta dena, bide batez), plastikako tailerra egokitu zituztenak. Arruntena ez bada ere, makinak, materialak eta tresnak gelaz gela eramateko sistema mugikorrak prestatu zituen ikastetxeren bat edo beste ere ezagutu nuen (makerspace mugikorrak). Gure kasuan, ordea, lehendabizi baliabideak etorri ziren eta gero lekua zerotik eraikitzeko beharra izan genuen.

Eta noski, honek ere, burukomin ugari sortu zizkigun. Izan ere, 2013-2014 inguru hartan, oso erreferente gutxi baitzeuden horrelako espazioak muntatzearen inguruan eta zeudenetako askok ez ziguten balio. Honetan ere, beste behin, aitzindari izatea tokatu zitzaigun, eskalatzaileen antzera, oraindik ireki gabeko bidea irekitzea tokatu zitzaigun. Ikasturte oso bat pasa genuen izan zitekeenari bueltak ematen, nahi genuena. arkitektoarekin eta igeltseroekin eztabaidatzen. Bederatzi hilabeteko dokumentatze, ideiatze eta diseinatze prozesu luze baten ondoren, obrak 2014ko ekainean hasi ziren eta oporretatik bueltan, bukatuta zeuden. Abuztuko hilabetea kenduta, egun gutxi egon ziren uda hartan ikastolara joan gabe geratu ginenik.

Azpian ipintzen dizkizuet, dokumentatze fasean pilatzen joan nintzen informazio guztiaren artean, niretzat baliagarriak izan ziren pilulatxoak. Zerrendatu ditut, baita ere, geroago aurkitu ditudan artikulu eta dokumentu interesgarriak ere. Inork horrelako espazio bat zerotik muntatzen hasteko asmoa badu, agian ondo etorriko zaio laguntza guzti hau. Eta zerotik muntatu ez, baina dagoeneko martxan duen leku bat berrantolatzeko asmoa baldin badauka, bada berak ere aprobetxatu ahalko ditu bertan aurkituko dituen hainbat gauza:

Espazioaren Antolaketa

BALIABIDEAK, TRESNAK…

Makerspace-ak eta Hezkuntza

Aipatu tarteka tarteka ere, nire Twiterreko kontuan ere zabaltzen ditudala aurrekoen antzeko baliabide ugari, baita nire Google+.eko kontuan ere.

Gauza interesgarri batekin amaitu nahiko nuke. Teknologia laborategi bat (honen atzean benetako “maker” filosofia bat baldin badago behintzat) etengabe aldatzen den espazio bat da. Izan ere, bertako baliabideei esker espazioak berak dituen beharrak asetzen joan daitezke denborarekin. Gehiago oraindik, eskolak barruan duen fabrika txiki bat bezala kontsidera daiteke eta bertan eskola osorako baliagarriak izan daitezkeen altzari, tresna, baliabide akademiko, material didaktiko… eta gehiago fabrika daitezke. Azpian ipintzen dizkizuet ikasleen mahaien gaineko ohol zaharrekin (botatzeko zeudenak) egindako armairuaren argazkiak; edota botatzeko ziren seinaletikako metakrilatozko eta egurrezko zati zahar batzuekin egindako mahai-jokoen argazkiak. Armairua, adibidez, kasleek Koolaborategian, euren proiektuak ideiatu eta prototipatzeko, erabiliko duten material desberdina (orriak, kartulina, kartoia, Post-Itak, margoak, errotulagailuak, LEGO piezak, plastilina, lokarriak, guraizeak…) gordetzeko erabiliko dugu.