Select Page

2005/2015eko apirilaren 11a

Api 11, 20152 comments

Gaur 2015eko apirilaren 11a da, 15/04/11, egun oso berezia. Zer dela eta da hain berezia? Urteko ehun eta batgarren eguna delako? 11+04=15 delako? San Estanislao santuaren eguna delako? Corín Tellado idazle espainiarraren heriotzaren seigarren urteurrena delako? Parkinsonen gaixotasunaren nazioarteko eguna delako? Ba ez.

2005eko apirilaren 11an nire lehen ekarpena zabaldu nuen Internet osora. Egun hartan nire lehenengo artikulua idatzi nuen eta testu zati inuxente harekin eman nion hasiera, aurrerantzean niretzat hain garrantzitsua izango zen IKTeroak blogari. Gaur, beraz, hamar urte betetzen dira IKTeroak blogari hasiera eman genionetik. Aitzakia polita iruditu zait blog berri honi hasiera emateko.

Etzazue espero, dena den, aurrekoaren jarraipenik txoko berri honetan. Gauzak dezente aldatu dira azken hamarkada honetan, bai alderdi pertsonalean baita profesionalean ere. Alderdi pertsonalean, orduko erromantizismoa, izpiritu naif hura, erabat galdu det, adinarekin nire izaera ozpintzen joan da eta garai hartan nuen idazteko gogoa eta “ideia jarioa” galdu egin det. Nire lanbideari dagokionez, dagoeneko ez naiz Jakintzako IKT dinamizatzailea; ahal dudan moduan laguntzen saiatzen naiz baina IKTak jada ez dira nire lanaldiaren muina. Bestalde, hezkuntzaren eraldaketan teknologia digitalak duen eraginean dagoeneko ez dut sinesten. Eta, azkenik, duela hamar urte hain modan zegoen partekatzearen filosofia naif hartaz errezeloak besterik ez ditut gaur egun.

Egungo eta orduko egoeren artean parekotasunak bilatzen saiatu naiz baina ez ditut gehiegi aurkitu. Nola justifikatzen da orduan, hamar urteren bueltan, berriro heltzea kontu berberari? Bada arrazoi bakarra ikusten dut. Orduan bezala, eskuartean daukadan ekimen berriarekin, azken urte honetan murgilduta nabilen saltsarekin, berriro nabil ilusionatuta, emozionatuta (aurrekoan guraso batzuk komentatzen zidaten bezala). Ziurrenik emozio horrek eramaten nau, duela hamar urte bezala, nire bizipenak, ikaskuntzak eta hanka-sartzeak zuekin partekatzera.

Ea nire bizitzako etapa berri hau aurrekoa bezain emankorra den. Hala bada, blog berri honek bizitza luzea izango duela ziur nago. Ikusiko dugu.