Hezkuntzan dihardugun irakasle gehienontzat, teknologia-laborategia, ikastetxeko beste hainbat gela bezala, gai edo arlo jakin bat lantzeko erabiltzen den espazio bat besterik ez da. Alegia, baliabide espezifiko bat kontsideratzen da, curriculumeko ikasgai (edo arlo) bati lotuta. XXI. mendeko lehen laurdena betetzeko gertu gauden garai honetan, eskolan ohikoa da oraindik denbora, informazioa eta espazioa bezalako baliabide ez-materialak konpartimentatzea, zatitzea eta banatzea. Eta noski, informazio, denbora eta espazio zati bakoitzak bere arduradun propioa dauka, alegia, arlo horretan “aditua” den irakaslea.
Aspaldidanik nago hezkuntza ulertzeko eredu zaharkitu horren aurka eta teknologia-laborategiei dagokionez (gehiago gustatzen zait ingelesek erabiltzen duten “makerspace” izena; teknologiako ikasgaiarekin izan ditzakeen konnotazioen gainetik dagoela iruditzen zait) garbi daukat irakasle gehienek duten pertzepzio hori baino zerbait gehiago dela. Nire iritzia eta beste hainbat irakasleena ere, pasa den ikasturtean Tabakaleran antolatutako tailer desberdinetan landu genuen dokumentu honetan irakur dezakezue.
Hurrengo hiru artikuluetan, espazio hauen inguruan (eta eskoletan ditugun beste batzuen inguruan ere) nik neuk dudan iritzi pertsonala azaltzen saiatuko naiz. Interpretazio partikularra da, noski, eta Jakintza ikastolan daukagun errealitatetik ondorioztatutakoa (ikastetxe askok bizi dutenengandik oso desberdina izan daitekeena) Gure espazioak dituen ezaugarri propioetatik, egiten dugun denboraren eta baliabideen erabileratik eta barruan burutzen dugun ekintzetan ematen den ezagutzaren hartu-emanetatik ondorioztatutako iritzi pertsonala da. Horrela, esaldi bakar batean laburbildu beharko banu zer den niretzat Koolaborategi bat, hauxe aukeratuko nuke:
“Teknologia-laborategi bat elkarrekin egiten eta ekiten ikasteko espazio ireki bat da.”
Esaldi horrekin adierazi nahi dena, atalez atal eta atzetik aurrera, jarraian justifikatzen saiatuko naiz
… espazio ireki bat
Egia esan ez daukat oso garbi nola demontre heldu garen egoera honetaraino baina uste dut begi-bistakoa dela gure ikasleentzat (orokorrean) eskola ez dela atsegin duten espazio bat, batik bat Bigarren Hezkuntzako ikasleei dagokionez. Eskola barruan ditugunean alde egiteko irrikan egoten dira gehienak, komunera, patiora edota, baimena izango balute, zuzenean kalera edo etxera joateko. Eta eskolatik kanpo daudenean, aldiz, nekez aurkituko ditugu eskolara gogotsu datozen ikasleak edozein eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzera. Hori horrela da, irakasleoi gustatu edo ez: eskola ez da gustuko leku bat gure gaztetxoentzat.
Seguruenik arrazoi asko egongo dira, ikasleek eskolarekiko bizi duten “urruntze” hori justifikatzeko. Horietako batzuk aipatzen dira Tabakaleran argitaratutako liburuxkan::
- Ikasleek ikasten dutenaren eta eskolatik kanpo bizi duten errealitatearen artean dagoen etena. Ikastolan ezin dituzte egin kanpoan egin ditzaketen gauza asko, adibidez.
- Teoriaren eta praktikaren arteko distantzia. Eskola leku aspergarri bat bezala bizi dute askok.
- Ikasten diren eduki askoren gaurkotasun falta. Ikasleentzat gauza interesgarriagoak ikasten dira ikastolatik kanpo barruan baino.
- ….
Horrekin guztiarekin bat etorri arren, niretzat badago horien gainetik garrantzia handiagoa duen beste arrazoi bat. Arreta pixka bat ipintzen badugu berehala jabetuko gara gure ikastetxeetako gune desberdinak ez daudela pentsatuta eta antolatuta ikasleak aske senti daitezen. Aitzitik, banatzeko, zelatatzeko eta kontrolatzeko egituratuta daude eta filosofia horrekin kudeatzen dira. Gela itxietan lan egiten dute, sarrera eta irteera kontrolatuak dituzte (sirena madarikatu horiek), eta aisialdian edota atseden-uneetan ikasleak “zaindu” egiten ditugu. Kontrola, kontrola eta kontrola nonahi.
Badakit garai desberdinak direla baina ni Jakintzako ikasle nintzenean, askotan joaten ginen ikastolara astean zehar jolasean ibiltzera. Eta hango espazio asko, patioa edota “gela haundia” bezala ezagutzen genuena, esate baterako, irekita egoten ziren nahi genuenean sartu eta bertan egoteko. Ikastola gurea sentitzen genuen eta gustura egoten ginen bertan. Berriro diot, badakit ordutik hona gizartea asko aldatu dela, ezin direla bi egoerak alderatu. Baina ikastola bezala pentsatu beharko genuke ere, zer egin dugun gaizki egoera hain desberdina izateko.
Askotan jartzen naiz pentsatzen: “Ikastolako langile bezala, nik neuk, gure ikasleek bizi dutena biziko banu (konfiantza falta, ardurak emateko borondate gutxi, gure lanaren gaineko etengabeko kontrola…) ze atxikimendu maila izango nuke nik ikastolarekin?” Zergatik kostatzen zaigu hainbeste, orduan, guretzat eskatzen duguna ikasleei eskaintzeko?
Bost bat urte besterik ez dira teknologiako irakasle bezala lanean ari naizenetik. Eta hauxe izango da bigarrena Jakintzako Koolaborategian egiten dudana. Iaz urtebete egi nuen Oñatiko Txantxiku ikastolan teknologiako irakasle bezala ere. Eta urte gutxi badira ere gauza bat oso garbi geratu zait: ikasleei gure lanbidean guretzako eskatzen ditugun baldintza berdinak eskaintzen dizkiegunean, espazio hauetan sortzen den lanerako giroa benetan aparta izaten da. Ordizian nahiz Oñatin ikasle batzuk ikaragarri gustura etorri izan dira ikastolara eskola orduz kanpo (Jakintzan, adibidez, ikasle batzuekin larunbat arratsalde eta igande goizetan geratuta izanda nago) Atsedenetan, eguerdietan, arratsaldeetan baita asteburuetan ere, ikasleei laborategiko ateak irekita uzten zaizkienean eta behar duten askatasuna eta konfiantza eskaintzen zaienean, hortxe sortzen den lanerako giroa eta saltsa benetan azpimarragarria izaten da. Kontu hauetan gure gaztetxoak ez dira gurekiko oso desberdinak; lanerako giro egokia antzematen dutenean, elkarrekin ikasi, egin eta funtzionatzeko oso gai direla adierazten dute.
Eskolako ateak ikasleentzat irekita egotea eta bertan burutzen diren ekintzak eurentzat erakargarriak izatea burrukatzea merezi duen helburu garrantzitsu bat dela iruditzen zait. Badakit betiko beldurrak hor daudela, (“Eta zerbait gertatzen bada?”), badakit ateak beti irekita edukitzeak antolaketa arazoak sortzen dituela (“Nor arduratzen da teknologiako gelan – edo liburutegian, edo laborategian, edo patioan…- ikasleekin egoteaz?”) eta beti ez direla gauzak hain “de color rosa” aterako (“Eta ikasleek zerbait puskatzen badute?”) Teknologia-laborategiari dagokionez, eta ni bertako arduraduna naizen bitartean behintzat, garbi daukat gune ireki eta libre bat izaten saiatuko naizela (libre izateak ez du esanahi, ardurak eta erantzukizunak ez daudenik) Ze, Koolaborategiaren kasuan behintzat, hori gertatu ezean, gailu “txatxi-guayez” betetako “gela-eskaparate” bat besterik ez da izango.
Iruzkin berriak