2005/2015eko apirilaren 11a
Gaur 2015eko apirilaren 11a da, 15/04/11, egun oso berezia. Zer dela eta da hain berezia? Urteko ehun eta batgarren eguna delako? 11+04=15 delako? San Estanislao santuaren eguna delako? CorÃn Tellado idazle espainiarraren heriotzaren seigarren urteurrena delako? Parkinsonen gaixotasunaren nazioarteko eguna delako? Ba ez.
2005eko apirilaren 11an nire lehen ekarpena zabaldu nuen Internet osora. Egun hartan nire lehenengo artikulua idatzi nuen eta testu zati inuxente harekin eman nion hasiera, aurrerantzean niretzat hain garrantzitsua izango zen IKTeroak blogari. Gaur, beraz, hamar urte betetzen dira IKTeroak blogari hasiera eman genionetik. Aitzakia polita iruditu zait blog berri honi hasiera emateko.
Etzazue espero, dena den, aurrekoaren jarraipenik txoko berri honetan. Gauzak dezente aldatu dira azken hamarkada honetan, bai alderdi pertsonalean baita profesionalean ere. Alderdi pertsonalean, orduko erromantizismoa, izpiritu naif hura, erabat galdu det, adinarekin nire izaera ozpintzen joan da eta garai hartan nuen idazteko gogoa eta “ideia jarioa” galdu egin det. Nire lanbideari dagokionez, dagoeneko ez naiz Jakintzako IKT dinamizatzailea; ahal dudan moduan laguntzen saiatzen naiz baina IKTak jada ez dira nire lanaldiaren muina. Bestalde, hezkuntzaren eraldaketan teknologia digitalak duen eraginean dagoeneko ez dut sinesten. Eta, azkenik, duela hamar urte hain modan zegoen partekatzearen filosofia naif hartaz errezeloak besterik ez ditut gaur egun.
Egungo eta orduko egoeren artean parekotasunak bilatzen saiatu naiz baina ez ditut gehiegi aurkitu. Nola justifikatzen da orduan, hamar urteren bueltan, berriro heltzea kontu berberari? Bada arrazoi bakarra ikusten dut. Orduan bezala, eskuartean daukadan ekimen berriarekin, azken urte honetan murgilduta nabilen saltsarekin, berriro nabil ilusionatuta, emozionatuta (aurrekoan guraso batzuk komentatzen zidaten bezala). Ziurrenik emozio horrek eramaten nau, duela hamar urte bezala, nire bizipenak, ikaskuntzak eta hanka-sartzeak zuekin partekatzera.
Ea nire bizitzako etapa berri hau aurrekoa bezain emankorra den. Hala bada, blog berri honek bizitza luzea izango duela ziur nago. Ikusiko dugu.
Aupa:
Ez zaidak bidezkoa iruditzen bi hilabete ondoren blog honeko iruzkinetan inongo komentarion arrastorik ez aurkitzea.
Aurrez-aurre esan nian proiektua gustoko niala eta emaitzak ikasleen buru eta bihotzetan ikusiko hituala.
Guk Blog honetan ikustea ere espero diagu.
Zorionak, irakasle, ikasle eta Maker komunitate osoari!!
Jabi
Eskerrik asko Jabi!
Hilabete pare bat damazkiat bloga hornitzen baina seriotasun gehiegirik gabe. Ez nauk ausartu aste hontararte ezer zabaltzeaz, oraindik ez baitiat oso garbi ze ibilbide egingo diken. Baina ikusita ikasleek adierazten ari dituken jarrera eta gogoa piszinara botatzea erabaki diat.
Ideia batzuk bazeuzkeat blogan bertan txartatu eta zabaltzeko. Irailetik aurrera hasiko nauk hauetan sakontzen. Bitartean aurtengo bizipenak islatzen saiatuko nauk baina garai bateko jarioa galduta zeukeat (zuentzat hobe!)
Eskerrik asko iruzkinarengatik Jabi! Hi haiz lehena arrastoa bertan utzi dekena! 😉