Hamazortzi urte egin ditut irakaskuntzan, bai, eta asko dira atzera begiratzeko aurkitzen ditudan arrazoiak: hasieran nuen freskotasuna klaseak prestatu eta aurrera eramaterakoan, gazte garaiko ausardia eta izpiritu baikorra (aspalditik ozpintzen hasita dagoena) eta, batez ere, ikasleen gaitasun eta ahalmenetan gehiago sinistea. Bai, onartzen dut. Geroz eta ezkorrago sentitzen naiz “klase ofizialetan” nire begien aurretik pasatzen diren ikasleen jarrera eta ohiturak ikusten ditudanean. Jubilatu eta, oro har, pertsona helduek egiten dutenaren antzera, joera izaten dut gaurko gazteak nik euren adina nueneko gazteekin alderatzeko eta, noski, gehienetan ez da izaten gaurko gazteek dituzten bertuteak goraipatzeko. Ez dakit zenbatetan zuzendu naizen ikasleengana “Gure garaian…” hasten den esaldi batekin eta “Orduan bai, ez orain bezala!” amaitzen den beste batekin. Eta bai, onartzen dut, askotan pentsatu izan dut gaurko gazteek guk genuen iniziatiba, autonomia, jarrera proaktiboa, imajinazio eta sormena, konstantzia… erabat galduta dutela. Askotan kexatu izan naiz gaur, gazte ekintzaile eta konprometituak soilik bueltan diru kantitate bat jasotzen dutenean topatzen direla.
Baina ez gaitezen engainatu. Balorazio horiek guztiak testuinguru jakin batean behatzen dugunaren ondorioak dira, jarrera eta balore horiek guztiak zapuzten dituen testuinguru bat gainera. Izan ere, “klase ofizialak” pantomimak besterik ez dira kasu gehienetan. Eszenatoki batean, irakasleok obra baten (saio lektiboa) zuzendari papera hartzen dugu eta gure ikasleei, eszenatoki horretan, protokolo zehatz bati lotutako paper bat antzeztea eskatzen diegu. Eta ikasleak, azken finean, eskatzen zaien papera betetzea derrigortuta daude. Papera bete nahi ez dutenak asko izaten dira, eskakeatzen saiatzen direnak ere, baita papera inongo gogorik gabe betetzen dutenak. Badira, batzuk protokoloa puskatu eta gauzak beste modu batera egiten saiatzen direnak ere. Baina hortxe gaude, antzezlana “bide onetik” zuzentzeko ardura dugunok, guztia gidoian zehaztuta datorren moduan betetzen dela bermatzeko. Ikasle-irakaslearen arteko harreman artifizial horretan zaila da ikaslea (baita irakaslea ere) bere osotasunean ezagutzea eta pertsona bezala baloratzea, zaila da aurrean aipatutako baloreak eta jarrerak agerian jartzea.
Horrexegatik, ez da zilegi gela barruan gertatzen den antzezpen horretan “ezagutzen” ditudan gazteak inorekin alderatzea. Horrelako balorazioak, gehienetan, irakasle marmartion kexa antzuak besterik ez dira: nire lankide batek esaten duen bezala, irakasleon “zahartrosiaren” sintoma bat.
Nahikoa da ohiko klase errutinarekin amaitu eta ikasleak testuinguru desberdinetan ipini eta ezagutzea klixe horiekin amaitzeko. Duela lau urte jabetu nintzen honetaz lehenengoz. Orduan nahikoa izan zen “klase ofiziala” iraultzea (kontzeptuen memorizazioaren inguruan eraikitako eredua), ikaslea bere ikaskuntza prozesuaren jabe bihurtu eta metodologia aktiboak bultzatzea (egiten eta ekiten ikastearen inguruan eraikitako eredua), ikasleen erantzuna eta beraien inguruan nuen pertzepzioa goitik behera aldatzeko. Bat-batean gazte aktiboekin topatu nintzen, eginzaleak eta ekintzaileak, euren ikaskuntza prozesuarekiko ardura eta interesa adierazten zutenak eta, esku artean zituzten zeregin eta arduren aurrean, seriotasunez eta erantzukizunez jokatzen zutenak. Eta hori guztia ez zen izan une puntual batean azaldu zen zerbait, bi urteko ziklo oso batean burutu genituen proiektu guztietan agerian utzi zuten, are eta nabarmenago oraindik ekimen desberdinak aurrera eramaten genituen neurrian. Orduan jabetu nintzen, eduki kontzeptualekin gertatzen den moduan, lanerako prozedurak eta estrategiak baita jarrera eta baloreak ere berdin-berdin ikasten direla baldin eta irakas-ikaskuntza prozesua ikuspegi berritzaile batekin planteatzen bada.
Talde hura “Tin Team” bezala egin zen ezaguna gure ikastolan eta euren lanetako batzuk oihartzuna izan zuten herrian baita herritik kanpo ere. Aurten ikasle ekintzaile talde berri bat ipini da martxan gure ikastolan: “Hackintza Makers” du izena. Oraingoan ere talde honen antolaketa, helburuak eta jarduera-plana “klase ofizialen” periferian burutu dira, eskolaz kanpoko orduetan. Eta hor, gazteak libre eta autonomo sentitzen diren ingurune horretan, heldutasun, autonomia eta ekintzailetza lezio handi bat eman digute, bai irakasleoi baita euren senideei ere. Baina honen guztiaren azalpena beste baterako utziko dugu.
Trackbacks/Pingbacks