Select Page

Hementxe nabil, aspaldiko partez, WordPresseko admin-gunean bueltaka, sarrera bat argitaratzeko zer egin behar den asmatu nahian. Bi urte pasatxo dira blog honetan azkeneko artikulua idatzi nuenetik eta kosta egiten ari zait hainbestetan erabili dudan interfaze honetara berriro ohitzea. Baina hemendik aurrera blog honetan nire kontuak berriro idazten hasi nahi badut, badaukat pilak lehenbailehen jartzea.

Aspaldi galdu nuen blogari sena, batez ere azkeneko bi ikasturte hauetan, Ordiziako Jakintza ikastolatik kanpo lanean aritu naizen bitartean. Izan ere, 2015eko azaroan Madrilgo BQ enpresak egindako lan ekaintza onartu eta, eszedentzia bat eskatu ondoren, nire bizitzan lehenengo aldiz enpresa batean lanean hastea erabaki nuen. Nire zereginak irakaskuntzarekin lotura gordetzen jarraitzen bazuen ere, nire lehen esperientzia zen eskola batetik kanpo. Tamalez, abentura berri hark ez zuen luze iraun eta 2016ko uztailan kalean geratu nintzen. Zorte handia izan nuen ze hilabete hartan bertan Oñatiko Txantxiku ikastolako lagunek eurekin lan egiteko aukera eskaini zidaten. Horrela, 2016-2017 ikasturtean berriro bueltatu nintzen irakaskuntza “ofizialera” baina nire betiko ikastola ez zen beste batean, herri desberdin batean, lankide talde desberdin batekin eta aurretik ezagutzen ez ninduten ikasle batzuekin. Bai Madrilgoa zein Oñatikoa, biak izan dira esperientzia oso emankorrak niretzat, batez ere, alderdi pertsonaletik. Bietan profesional handiak eta lankide are eta handiagoak ezagutu ditut. Asko ikasi dut beraiekin eta, noski, hainbeste denboraren ondoren gauza asko dauzkat kontatzeko eta partekatzeko. Horregatik erabaki dut gune honi, berriro ere, astindu txiki bat ematea.

Kanpoan egindako bi urteko ibilbide hau atzo heldu zen amaierara. Gaurtik aurrera berriro naiz Jakintzako irakasle. Eta ez hori bakarrik, berriro bueltatzen naiz IKTero lanetara. IKT dinamizatzaile bezala aritu nintzen hamar urtetan, ikasi eta egindako guztia blog batean zabaltzen saiatu nintzen bezala, oraingoan ere asmo berdinarekin nator. Baina blogaren mamia desberdina izango da orain. Hezkuntza eta teknologia digitalaz idazten jarraituko dut baina ohiko IKT gaia, modu tradizionalean ulertuta (niretzat dagoenez zaharkituta eta gaindituta dagoena), alde batera utzi eta, webgune honen esloganak dioen moduan, “Elkarrekin egiten eta ekiten ikasteko espazio irekiak” (teknologia laborategiak, makerspaceak edo nahi duzuen bezala deitu) izango dira hizpide. Espazio berriak eta euren ezaugarriak, alde batetik, eta hauetan burutzen diren proiektuak eta horien eragina hezkuntzan, bestetik. Konkreatuago, duela hiru urte Jakintza ikastolan martxan ipini genuen Koolaborategian aurrera eramango ditugun proiektuen berri ematen saiatuko naiz. “Eginzaletasuna” eta ekintzailetza, elkarlana eta auzolana, artisautza eta fabrikazio digitala, proiektuak eta konpetentziak… eta antzekoen inguruko sarrerak izango dira gehienak.

Gaia zein izango den garbi daukadan bezala, edukiek izango duten formatuarekin oraindik zalantzak ditut. Baliteke hemendik aurrera sarrerak elebidunak izatea, euskaraz eta gaztelaniaz. Madrilgo esperientziaren ondoren, nire ikaskuntza sare pertsonala (askotan entundako PLE hori) asko hazi da bertan ezagutu ditudan lagunekin. Asko ikasi dut (eta oraindik ikasten ari naiz) beraiekin. Eurengandik ikasitakoa eurekin ere partekatzeko beharra daukadala sentitzen det. Horrela,teknikoagoak izango diren gaiak gaztelaniaz idaztea pentsatzen ari naiz. Bestalde, IKTeroak martxan jarri nuenean bezala pentsatzen dut orain ere: ez dira asko gai hauen inguruan euskaraz ditugun guneak. Orduan bezala orain ere, hezkuntza esparru honetan, euskarazko komunitate baten beharra somatzen dut, esperientziak partekatu eta elkarri laguntzeko baliagarria izango dena. Horrela, ikastolan burutzen ditugun proiektuak edota hezkuntza eta fabrikazio digitalarekin zuzenean erlazionatutako gaien inguruko sarrerak euskaraz idazteko asmoa daukat.  Dena den, esan bezala, kontu honi buelta batzuk eman behar dizkiot oraindik, gunea elebiduna izateak ez nau gehiegi konbentzitzen eta.

Sare publikoan arruntagoa bada ere, ikastoletan ez da ohikoa izaten irakasleok lanbidez edota lantokiz aldatzea. Behin lanaldi osoa lortzen dugunean gure ibilbide laborala ikastola berean egiten dugu gehienetan. Askoren iritziz, hau ikastolok daukagun indarguneetako bat da (pertsonalaren iraunkortasuna). Eta baliteke hala izatea. Baina, bi ikasturte ia oso Jakintzatik kanpo egin ondoren, oso ariketa sano eta baliagarria dela iruditzen zait lan egiteko leku eta modu desberdinak ezagutzea. Niretzat behintzat horrela izan da. Erabat biziberrituta bueltatzen naiz Ordiziara, batez ere, Oñatin izandako esperientzia zoragarriaren ondoren. Biziberrituta eta pozik, oso pozik. Horrexegatik, aspaldiko partez, gaurko sarrera hau. Eta hemendik aurrera etorriko diren beste guztiak.