Select Page

Hackin & Ekin v1.0 bertsioari buelta batzuk ematen ari ginela, gure asmoa udalekuen iraupena bost egunetara luzatzea zen. Oraindik eskarmentu gutxi daukagu antzeko tailerrak antolatzerakoan eta, abentura potoloagoei heldu aurretik, gauza xumeago bati heltzea zentzudunagoa zela iruditu zitzaigun. Garbi genuen, beraz, tailerrak astelehen batean hasi eta ostiral batean bukatzea egokiena zela. Aurreikuspen horrekin hasi ginen guztia antolatzen.

Ekaineko azkeneko astean ikasle eta monitoreak oporretan baldin bazeuden ere, irakasleok uztailaren 1erarte ez genituen oporrak hartzen. Beraz, zein zen tailerrekin hasteko egunik egokiena? Uztailaren 6a beranduegi zela iruditzen zitzaigun. Bestalde, tailerrak asteazken batean hasi (uztailaren 1a) eta astearte batean bukatzea ere (uztailaren 7a) ez genuen oso egokia ikusten. Zer egin orduan? Monitoreok bilera bat egin genuen kontu honi nola erantzungo genion erabakitzeko. Aukera bat tailerrak hiru egun luzatzea zen, horrela uztailaren 1ean hasi eta uztailaren 10an bukatzeko aukera aztertu genuen. Monitoreek (DBH3ko ikasleek) aho batez erabaki zuten azken aukera honen alde egitea. Horrela, prezio berean, hiru eguneko plusa eskaintzearen alde agertu ziren bostak.

Erabaki honek Hacking & Ekin v2.0 bertsio berriari forma ematea ekarri zuen, izan ere, tailerrak iraungo zituen hiru egun gehigarri horiek jardueraz hornitu beharra zegoen. Plan orokorrari begirada bat bota ondoren garbi ikusi genuen ezinbestekoa zela programazioari egun oso bat eskaintzea, bestela udalekuak hanka-motz geratzeko arriskua ikusten zen. Tailerren antolaketaren logikari jarraituz, egun hori derrigorrez gaurkoa izan beharra zuela garbi ikusi genuen. Eta horrelaxe gaur haurrak programatzen ipini ditugu.

Existitzen diren programazio hizkuntza guztien artean bada bat bereziki diseinatuta dagoena Lehen Hezkuntzako haurrentzat. Scratch du izena, Massachusetts Institute of Technology – MITek garatutakoa. Programazio lengoai berezia da, izan ere, blokeetan oinarritutako lengoai bisuala da. Ez dago testurik idatzi beharrik, ez dago sintaxi berezirik jarraitu beharrik ezta komando edo agindu izen berezirik jakin beharrik. Programak, puzzle baten antzera, kolore desberdina duten komando familia desberdinetako aginduak (bloke edo pieza) elkartuz sortzen dira. Horrela sintaxi “bug”-ak saihesten dira (gaizki idatzitako programazio lerroekin lotura dutenak) baita “bug” logiko asko ere (forma bera partekatzen duten blokeak bakarrik lotu daitezke). Webgune honetan azaltzen da hobeto zer den Scratch. Bertan Scratchekin egindako programen adibide ugari topa ditzakezue. Gure ikastolan ere badugu Scratchen inguruko beste webgune bat: Starting From Scratch. Gune honetan ikasleen trebakuntzan lagungarria izan daitezkeen ariketa ugari aurkituko dituzue.

Scratchen antzera, bloke bitarteko programazioa ikasteko balio duten joku anitz aurki daitezke Code.org webgune interesgarrian ere. LHko 4. mailako haur askok dagoeneko ezagutzen zuten gune hau, izan ere, aurtengo ikasturtean behin baino gehiagotan aritu dira bertan, euren irakasleen laguntzarekin, programazioaren oinarriak ikasten. Code.org irabazi asmorik gabeko nazioarteko erakunde bat da eta informatikaren alorreko enpresa ezagun askoren babesa du.

CODE Studio gunean adin desberdineko haurrei zuzendutako joku piloa aurkituko duzue. Guztietan umeek programazio blokeak erabili beharko dituzte joku horietan aurrera egin nahi badute. Programazioaren oinarriak ulertzeko oso modu entretenigarria da. Gaurko saioaren amaieran, Scratchekin programak egiten bukatu dutenean, haur asko CODE Studion sartu dira. Harrigarria da ikustea, jokuek sortzen duten motibazio estrari esker, zeinen programa konplexuak sortzeko gai diren 8 eta 9 urteko haurrak, programatzen ari direla apenas konturatu gabe.

Gure udalekuetako argazki bilduma poliki-poliki hazten doa. Dagoeneko ia 500 argazki ditugu jasota gure albumean. Guztiak ikusteko azpian daukazue argazkien aurkezpena. gaurko argazkietara zuzenean joateko egin klik esteka honetan.