Select Page
A Tommy Car

A Tommy Car

Aste honetan bi urte egingo ditu nire aurreko Aniztasun Curricularreko taldearekin bi urteko ibilbidea amaitu nuenetik. Zikloa amaitzeko, ikasleek proposatu eta aurkeztutako proiektuen aurkezpen baten ondoren, Arduino bitartez gidatutako robot txiki bat egitea erabaki zuten. Nire lehendabiziko esperientzia zen, bere osotasunean, PBL baten definizioari erantzuten zion proiektu batekin. Ideatze fasetik hasita, diseinu eta prototipatze faseetatik pasatuz, robota eraikitzeko faserarte, lan gogorra egin zuten nire ikasleek. Inoiz aurrera atera beharreko proiekturik konplikatuenaren aurrean, ikasleen erantzuna paregabea izan zen.

Benetan pozik bukatu genuen esperientzia hura. Baina niri pena punttu bat geratu zitzaidan barruan. Izan ere, ikasleek eskura izan zituzten baliabide kaxkarren ondorioz, gure robot gizajoak nahiko itxura “tristea” zuen. Ordurako ezagutzen nituen 3D inprimagailuak eta pentsatu nuen, diru-laguntza txiki bat lortuta, agian horietako makina bat erosi eta hurrengo ikasleek robot eleganteagoak egiteko aukera izango zutela.

Uda hartan lau xoxen bila irten nintzen ikastolatik eta espero baina diru-laguntza handiagoekin bueltatu nintzen uztaila amaierarako. Hura izan zen, gaur egun daukagun Koolaborategi dotorearen abiapuntua. Makina berri ugari erosi genituen eta horiekin batera espazio berri bat eraiki genuen gure ikastolan. Fabrikazio digitaleko prozesuak ikasleekin martxan jartzeko asmoarekin hasi ginen proiektu zirraragarri honetan. Eta gaur lehenengo emaitzak ikusi ditugu.

Izan ere, gaur gure ikastolan aurrera aterako den Aniztasun Curricularreko azken taldearekin ikasturtea eta etapa amaitzen nuen. Aurreko taldearekin bezala, hauekin ere, azken ebaluazioan, proiektu potolo batean murgildu naiz. Ebaluazioaren hasieran Hovercraft bat eraikitzea erabaki zuten eta, aurreko taldearekin bezala, hauekin ere zerotik hasi gara. Informazioa biltzea izan zen lehen zeregina, zer egin behar genuen ondo ulertzeko:

Bi taldetan banatu ginen ondoren (“diseinua eta egitura” eta “elektronika eta kontrola”) eta mota guztietako lan eta zereginetan murgilduta ibili gara aste hauetan:

Asteazkenean amaituta genuen gure Hovercrafta eta gaur ba ote dabilen edo ez egiaztatzeko eguna izan da. Emaitza azpiko bideoan ikus dezakezue:

Duela bi urte nire buruari ipinitako erronka beteta ikusteaz harro sentitzen naiz gaur. Orduan izan nuen ikasle talde jator hark egindako lanari esker, gaur horrelako proiektu polit, sakon eta “profesionalak” burutzeko aukera daukagu gure ikastolan.  Eskerrik asko ekipo!

The Tin Team