Select Page
Ikasleei Matematikan, esate baterako, estatistika lantzeko proiektuak proposatzen dizkiegunean edota Natur Zientzietan, metodo zientifikoan oinarrituta, hipotesi baten egokitasuna baloratzeko eskatzen diegunean, datuen bilketa eta hauen prozesatzea izaten dira, seguraski, denbora gehien exijitzen dieten faseak. Baina zorionez, egungo baliabide digitalei esker, datuak bildu, prozesatu eta grafikoki adieraztea oso prozesu sinple eta laburretan bihurtu dira. Tresna horiei esker, aurreko bi adibide horietan, benetan garrantzia duten prozesu biei (emaitzak interpretatu eta ondorioak atera) denbora gehiago eskaintzeko aukera daukagu.

Bada teknologiako ikasgaian antzeko zerbait gertatzen da fabrikazio digitalarekin. Baliabide digitalak tailerrean sartu aurretik, dedikazio, lan eta denbora gehien eskatzen zituzten prozesuak moztu, muntatu, eraiki, lotu eta amaierako proiektuari “itxura on” bat ematearekin erlazionatutakoak izaten ziren. Eskulan asko, akatsak konpontzen denbora gehiegi eta, askotan, “kalitate” kaxkarreko emaitzak.

Baina makina berriei esker egoera honi buelta eman zaio. Baliabide berri hauek, neurri handi batean, eskulanarekin bukatu dute. Piezak zehaztasun maila handiarekin fabrikatzen dira, muntaiak oso errazak izaten dira eta, gehienetan, azken produktuen kalitatea maila nahiko altukoa izaten da. Fabrikazio prozesuen sinplifikatze horrek, arreta eta denbora benetan garrantzitsuenak diren fase bietan ipintzeko aukera ematen digu: proiektuaren ideatu eta diseinatzea.

Egun, eskola bateko teknologia laborategian gauzatutako proiektu baten “kalitatea” fabrikazio fasean baino ideatze eta diseinu faseetan oinarritzen da, gizartean gertatzen ari denaren antzera. Berrikuntzaren aroan bizi gara. Enpresak dagoeneko ez dabiltza eskulan bila, duela hamarkada batzuk bezala, fabrikazio prozesu gehienak makinek burutzen baitituzte gaur egun. Enpresak hiritar kreatiboen bila dabiltza, beste hainbat gaitasun edo konpetentzien artean. Eta nik uste det hori guztia eskolara ekarri eta ikasleei azaldu behar diegula.

Azken urteotan imajinazioa, sormena, asmatzen asmatzeko gaitasuna, buru barruan ditugun ideiak atera eta edozein euskarri fisikoan islatzeko gaitasuna (Visual Thinking) edota zirriborro eta krokis horiek diseinu digital egoki eta txukunetan transformatzeko trebetasunak lantzen saiatu naiz ikastolan. Baina asko saiatu banaiz ere, orain arte ez dut lortu ikasleek kontu hauei beharrezko garrantzia ematea.

Sarrera luze hau gaur gertatu zaidan anekdota baten harira dator. Duela egun batzuk ikastolako galdaren mantenua eramaten digun teknikaria gure Koolaborategian agertu zen (nire ikasle-ohia izandakoa da) Galdaren balbula biratzeko erabiltzen duen giltza puskatu egin zitzaiola komentatu zidan eta, modelo nahiko zaharra denez, ordezkorik aurkitzea ezinezkoa egin zitzaiola esan zidan. Balbula berri bat erosi baino lehen ea nik ordezko bat 3D inprimagailu batean inprimatuko ote nion galdetu zidan. Saiatuko nintzela esan nion.

Balbularen giltzaren diseinua Freecaden

Balbularako giltzaren diseinua Freecad-en egin ondoren, lehen prototipoa astelehenean pasa nion nire ikasle-ohiari. Akats pare bat zituela komentatu zidan, gutxigatik baina giltza bere lekuan ez zela ondo sartzen. Akats horiek, funtsean 3D inprimagailuaren tolerantziekin erlazionatutako gorabeherak besterik ez ziren. Gaur goizean egin dizkiot piezari beharrezko zuzenketak (minutu gutxi batzuko lana izan da) eta jarraian bigarren prototipoa inprimatu det. Oraingoan bete-betean asmatu det neurriekin.

Koolaborategian zeuden ikasleei erakutsi diet nire klonatutako. Pieza hori zertarako den galdetu didate eta azalpen guztiak eman dizkiet. Harrituta geratu dira guztiak nire “klonak” jatorrizkoarekin duen antzarekin. 3D modeloak inprimatzeak eskaintzen dituen aukeretaz jabetu dira gehienak. DBH2ko ikasle batek (egun hauetan Freecad ikasten dabilena) hauxe galdetu dit: “Denbora asko kostatuko zitzaizun pieza hori Freecaden diseinatzea, ala?” Nik ezetz erantzun diot, gehien kostatu zaidana neurriak hartu eta piezaren krokisa egitea izan dela esan diot. Horri esker, diseinua Freecaden di-da batean egiteko gai izan naizela komentatu diot.

Ikasleari krokisarena ez zaio garbi geratu. Berari, eta berari bezala ikasle gehienei, ideia bat bururatzen zaienean zuzenean ideia hori gauzatzera pasatzen dira. Egiten hasten dira, neurri, forma, itxura, proportzio edo bestelako kontuei gehiegi erreparatu gabe. Pentsatzea, imajinatzea, bisualizatzea, paperera ekartzea, forma ematea… gehienentzat denbora galera bat bezala ikusten dute. Eta horrelakoetan, ia beti, amore ematen dute lehenengo egunetan.

Nire ikasle kurioso honi, pieza diseinatu aurretik nire koadernoan eginda neukan krokisa erakutsi diot. Kalibrearekin hartutako neurriekin egindako marrazki sinple batzuk besterik ez dira baina harrituta geratu da.

Balbularen giltzaren krokisa

Jabetu da, bai, hasierako zirriborroak duen garrantziaz. Eta horrelakoetan nerabeekin askotan gertatzen den bezala, paper eta arkatzaren bila joan da bere buruan zuen proiektuaren zirriborroa egitea X-D. Bere marrazkia egiten hasi aurretik nire zirriborroan agertzen ziren neurriak nola atera ditudan galdetu dit. Aukera polita izan da kalibrea nola erabiltzen den ikasteko.

Hasieran esan bezala, niretzat diseinu metodoan ideatze eta diseinu faseak kritikoak dira. Lehenengoaren inguruan zerbait lortzen hasita naizen bezala, bigarrenarekin ez dut asmatu oraindik. Gaurko gertakari honen ondoren, uste det, tarteka, Koolaborategian egiten ditudan lanen zirriborroak ikasleekin partekatu behar dudala. Askotan esaten den bezala, ikasleek ikastea nahi badegu irakaslea eredu bihurtzea baino hobeagorik ez dago. Ea behingoz jabetzen diren krokis on batek duen garrantziaz prioiektu baten garapenean eta bere arrakastan.