Select Page

Gaurko goiza atzokoa baino freskoagoa izan da. Laino batzuekin esnatu gara eta laino horiekin jarraitu dugu goiz osoan. Ikastola barruan, ordea, oraindik atzoko beroaldiaren eragina nabarmena zen. Bero egiten zuen geletan eta, ire korronte pixka bat jartzen saiatu garen arren, izerdi dezente bota dugu gaurkoan ere. Goizeko bederatzietan, giro honekin, joan dira gerturatzen ikastolara gure 46 “hacker” txikiak. Atzo bezala, gaur ere, hiru tailer desberdin prestatu dizkiegu. Gaurko tailer guztiek korronte elektrikoa zuten jakintzagai nagusi bezala. Azpian daukazue gaurko hiru tailerretako bakoitzean haurrek landu dutena:

1) Squishy Circuits

Etxean egindako plastilina eroalea

Etxean egindako plastilina eroalea

Horrela ezagutzen dira ingelesez plastilina eroalearekin egiten diren zirkuitu elektriko sinpleak. Korronte elektrikoaren eta oinarrizko zirkuituen ezaugarri eta elementu desberdinak haur txikiekin lantzeko oso aproposa da plastilina hau. Zuen ikasleekin edota seme-alabekin etxean praktikatu nahi baduzue, plastilina hau fabrikatzea oso gauza sinplea da. Guk, aurreko estekan proposatzen den errezetaren antzeko bat erabili dugu baina aldaketa bi egin dizkiogu: osagaien neurriak pixka bat aldatu ditugu eta masa egiteko Thermomix bat erabili dugu (tenperaturaren kontrola ahalbidetzen duen beste edozein sukaldeko robot batek ere balio du). Azpian daukazue plastilina egiteko errezeta:

OSAGAIAK:

  1. Bi edalontzi bete irin
  2. Edalontzi erdi bat sukaldeko gatz
  3. Edalontzi bat ur
  4. Bi limoi handien zukua
  5. Ekilore olio goilarakada handi bat
  6. Elikagai-koloratzaile tubo bat

PRESTAKETA

  • Ipini osagai guztiak Thermomixaren barruan. Guk lehendabizi solidoak ipini ditugu eta likidoak amaieran
  • GARRANTZITSUA: koloratzailea bota aurretik eta Thermomixa martxan jarri baino lehen, hagatxo batekin edo sukaldeko espatula batekin, buelta batzuk eman nahasketari, hirina beste osagaiekin pixka bat nahasteko. Era berean, espatularekin ontziaren paretak errepasatu, itsatsita geratu den hirina kentzeko. Hori egin ezean, masaren bola ez da hain fina ateratzen eta nahasketaren zati handi bat ontziaren paretan geratzen da.
  • Nahastu ondoren bota koloratzailea (tubo osoa)
  • Ipini Thermomixa 90ºC-tara, 2 posizioan eta nahastu guztia 12 minutuz
  • Dena ondo joan bada, 12 minutu horiek igaro ondoren lortzen den hirin masa apenas pegatu behar da behatzetan. Hala gertatzen bada, masa bola aurretik hirina duen gainazal batera ekarri eta jarraian, okinek egiten dutenaren antzera, masa eskuekin landu tarteka hirina gehiatuz, masa behatzetara ez dela itsasten ikusi arte.

AHOLKU BATZUK

  1. Bigarren urratsa benetan garrantzitsua da. Egin ditugun sei plastilina boletatik bitan aurretik nahastea ahaztu zitzaigun eta masa ez zen erabat ondo geratu. Hamabi minutuak igarotzeko oraindik minutu batzuk falta zirenean, masa robotaren ardatzari itsatsita geratu zen eta motorra geldiaraztea lortu zuen. Hori gertatzen bazaizue, masa ontzitik atera eta eskuekin masa lantzen jarraitu beharko duzue hirin dezente gehiago botaz. Lan pixka bat suposatuko dizue baina azkenean plastilina txukun bat lortuko duzue.
  2. Bi koloratzaile mota desberdin erabili ditugu: Mt. Oetker markakoa eta Vahine markakoa. Lehenengoak emaitza hobeagoak eman ditu bigarrenak baino, intentsitate handiagoko koloreak eman ditu. Dena den, bi kasuetan tinta pote oso bat erabili behar da. gutxienez, plastilinak kolore piska har dezan.
  3. Plastilina sukaldeko zelofan zati batean bilduta gordetzen bada, aste asko irauten ditu lehortu gabe. Sei aste izango dira lehenengo bola egin genuenetik eta oraindik primeran kontserbatzen da. Harrigarria kontutan izanda osagai nagusienak hirina eta ura direla.
  4. Lortzen den masaren testura gozada bat da. Komertziala baina biguinagoa da baina konsistentzia nahikoarekin. Ez du usairik eta ez ditu eskuak zikintzen, plastilina komertzialarekin gertatzen den bezala.

Jarduera honetan haurrek oinarrizko zirkuituak diseinatu dituzte 4,5 voltetako pila bat, bi krokodilo kable, LED batzuk, burrubagailu bat eta plastilina eroalea erabiliz. Froga desberdinak eginez korronte elektrikoaz hitz egiten dugunean zertaz ari garen ulertu dute, LEDen polaritateaz ere jabetu dira, sorgailu berdin batekin LED bat baino gehiago konektatzeak duen eraginaz ohartu dira… Ederki pasatu dute.

Jarduera honentzat fitxa didaktikoa ere prestatu dugu. Etxean zuen seme-alabekin praktika nahi baduzue fitxa zuen ekipora jaistea gomendatzen dizuegu

Squishy Circuits

2) Kuprezko Zinta

Kuprezko zintaz egindako zirkuitu elektrikoa

Kuprezko zintaz egindako zirkuitu elektrikoa

Bigarren jarduera honetan haurrek begiek diz-diz egiten dioten robot bat sortu behar izan dute. Horretarako ikasle bakoitzari robot baten irudi bat eman diogu. Nahi duten bezala margotu ondoren, sabelean botoi pila bat ipini behar izan diote, pila sakatzean begietan dituen bi LEDak pizteko beharrezkoa den zirkuitu elektrikoa egiteko kuprezko zinta itsaskorra erabili behar izan dutelarik.

Jarduera honekin arazoak izan ditugu. Aurretik egindako frogetan arazorik gabe lortu genuen robotaren begi biak piztea. Baina gaurkoan oso robot gutxiekin lortu dugu hori. Baliteke honen arrazoia erabili dugun kuprezko zintaren kalitate kaxkarra izatea. Izan ere, guk egindako frogetan Sparkfun-en erositako kuprezko zinta erabili genuen. Zinta honek izaera “metalikoa” zuen. alegia, malgua zen baina tolestatzerakoan metalarekin ari zinelaren sentsazioa ematen zuen. Tailerretarako erosi dugun kuprezko zinta, berriz, Amazonetik erosi dugu eta hornitzailea Txinako enpresa bat da. Zinta hau aurrekoa baino askoz meheagoa da (sukaldeko zilarrezko paperaren antzekoa), erraz puskatzen da eta ez du inondik inora aurekoak duen “metal” sentsazio hori transmititzen. Beste baterako, nahiz eta garestiagoa izan, Sparkfun-eko zinta erosiko dugu. Ea horrela gure robota hobe ateratzen den.

Azpian jardueraren fitxa:

Kuprezko Zintzaren Egindako Zirkuitua

3) Makey-Makey

Hauxe da gure aurtengo Hacking & Ekin udalekuetako “izarretako” bat. Arduino Leonardon oinarritutako txartel elektroniko honek elektrizitatea eroan dezakeen edozer teklatu batean bihur dezake. Adibide ezagunetako bat platanoz osatutako pianoarena da: platano bakoitza jumper baten bitartez konektatzen zaio Makey-Makey txartelari, jumper hauetako bakoitza teklatuko botoi batekin lotuta geratzen delarik. Horrela, botoi horiek piano honen teklekin lotuta daudenez, platano bat ukitzen den bakoitzean pianoaren tekla bat sakatzen da honek sortzen duen doinua ordenagailuan entzuten delarik. Nola funtzionatzen duen ulertzeko hoberena azpiko bideoa ikustea da:

Makey-Makey-arekin ikasleak jabetu dira eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun objektu askok eroaleak direla, korronte elektrikoa garraitzeko gaitasuna dutela, alegia. Jarduera honetan, joku moduan planteatu dizkiegun ariketen bitartez, zirkuitu elektrikoaren oinarriak ulertzeko aukera izan dute ere. Esan beharrik ez dago haurrek pipa pasa dutela Makey-Makey-arekin!

Azpian daukazue jarduera honen fitxa:

Makey-Makey

 Beti bezala, gaurko saioaren argazki bilduma ikastolako Flickr-eko kontuan aurkituko duzue. Azpian uzten dizkizuegu orain arte ateratako argazkien albuma: