Select Page

Gaurko hirugarren saioarekin amaiera eman diogu Hacking & Ekin lehenengo udaleku teknologikoen lehen asteari. Lehenengo bi egunetako tailerrek ezaugarri komun bat izan dute: esku-lana. Alegia, muntatu, sortu, eraiki, margotu, konektatu, lotu… eta antzekoak izan dira haurrek burutu behar izan dituzten ekintza nagusienak, hori guztia euren eskutxoekin egin behar izan dutelarik. Gaur lan-ingurune analogikotik digitalera pasa gara. Haurrak binaka banatu ditugu eta bikote bakoitzak ordenagailu bana hartuta, diseinatzaile lanetan ipini ditugu.

Lanean hasi aurretik kontzeptu garrantzitsu batzuk argitzen saiatu gara:

  • Koolaborategian ditugun makina berriek ez dituzte objektuak ezerezetik sortzen. Makinak “elikatu” egin behar ditugu eta horretarako bakoitzak ulertzen dituen fitxategi mota desberdinak sortu eta bidali egin behar dizikiegu. Etxean dituzten tinta inprimagailuen kasuan gertatzen den bezala. Beraz, gelan ikusten dituzten 3D objektuak edota laser-ebakigailuaren bitartez moztutako irudiak lortzeko derrigorrezkoa da lehenik eta behin objektu horiek digitalki diseinatzea. Segituan ulertu dute esplikazioa.
  • Makina hauek irudiak jaso eta irudi hori “gauza” bihurtzen dute. Baina irudi hauek ez dira argazki kamera batek ateratzen dituen familia berekoak edota Google-etik jaisten dituztenen berdinak. Argazki horien gainean zoom behin eta berriro egitean zer gertaten den galdetutakoan, askok “pixelizatuta” ikusten direla esan dute. Puntu honetatik abiatuta bitmap eta irudi bektorialen arteko aldea zein den azaldu diegu. Gure makinek irudi bektorialak bakarrik onartzen dituztela aipatu diegu eta ondorioz irudi hauek sortzeko aplikazio bereziak erabili behar dituztela esplikatu diegu: entzunak dituzten Paint, Photoshop eta antzekoek ez dutela balio esan diegu.
  • Bukatzeko, makina batzuk (laser-ebakigailua eta fresatzeko-makinak, eate baterako) irudi lauak behar dituztela azaldu diegu (2D bezala ezagutzen direnak) eta beste batzuk (3D inprimagailuak eta fresatzeko-makinak ere) bolumena duten irudiak (3D deitzen direnak). Beraz, gaurko saioan bi irudi mota horiek sortuko dituzten bi aplikazioekin trebatuko ginela esplikatu diegu.

Bi talde handitan banatu ditugu haur guztiak; erdiak ikastolako Areto Gelan sartu ditugu eta beste erdiak Koolaborategian. Aurretik esan bezala, ordenagailu bakoitzean binaka ipini dira eta gaurko bi tailerrei hasiera eman diegu

1) 2D diseinua

Inkscapekin trebatzen

Inkscapekin trebatzen

Bi dimentsiotako irudi bektorialak sortzeko aplikazio asko baldin badaude ere, guk Inkscape-en alde egin dugu. Alde batetik, software askea delako, ez dago pirateatu beharrik ikasleek aplikazio hau euren ordenagailura jaitsi eta instalatzeko. Eta bestetik, ez dugu sistema eragile bat edo bestea etxean instalatuta edukitzea inor behartzen, izan ere, Inkscape plataforma anitzetan instala daitekeen aplikazioa da. Hori guztia nahikoa ez balitz, esan beharra dago Inkscape aplikazio benetan potentea dela, gure beharrak erabat asetzen dituena.

Gaurko saioan haurrek…

  • Inkscapen oinarrizko marrazketa tresnak ezagutu eta erabili dituzte
  • Testua txertatu eta testua bide bihurtzen ikasi dute
  • Irudien oinarrizko edizio tresnak maneiatzen trebatu dira
  • Batzuk geruzak sortzen ere ikasi dute

Beti bezala, azpian uzten dizuegu jardueraren fitxa, zertan aritu garen hobeto ulertzeko.

2D Diseinua Inkscapekin

2) 3D diseinua

Tinkercad-ekin lanean

Tinkercad-ekin lanean

Bigarren tailerrean 3D irudiak diseinatzen aritu gara. Kasu honetan ere asko dira merkatuan dauden aplikazioak, batzuk libreak eta beste batzuk pribatiboak. Hauetako gehienak nahiko konplexuak dira bederatzi eta hamar urteko haurrekin erabiltzeko. Hori dela eta Tinkercad-en aldeko apustua egin dugu tailer honetarako. Ikaskuntza kurba leuna duen aplikazioa da, ikasleek berehala menperatzen dutena eta 3D inprimagailuetan erabiltzen diren stl fitxategiak modu sinplean sortzeko balio duena. Gainera, aurretik Inkscape-ekin egindako svg formatuko irudi lauak bertara inportatu daitezke eta irudi lau horiei bolumena oso modu errazean ematea dago.

Bigarren txandarekin arazo batzuk izan baditugu ere kontua sortzerakoan (adin txikikoek gurasoen baimena behar dute kontua sortzeko) oro har, ikasleek berehala hartu diote “trankiloa” Tinkercadi. Askotan aipatu dudan bezala, gaur egungo haurren arazorik handiena ez da alderdi teknikoa, euren mugek erlazio gehiago gordetzen dute sormen eta imajinazioarekin. Horrela, irudirik sortu ez duten haurrek ez da izan aplikazioa nola erabili behar zen ez zekitelako, zer diseinatu zezaketen ez zekitelako baizik. Alderdi honetan lan asko daukagu egiteko oraindik guraso eta hezitzaileok.

Tailer honetan haurrek…

  • Tinkercaden oinarrizko marrazketa tresnak ezagutu eta erabili dituzte
  • Irudien oinarrizko edizio tresnak menperatzen saiatu dira: Inspector, Ruler, Allign, Mirror eta Group

Hementxe uzten dizuegu tailer honen fitxa:

3D Diseinua Tinkercadekin

Azken bi egunetan egin dugun bezala, azpian uzten dizuegu orain arteko tailerretan ateratako argazkien bilduma. Guztukoa izango duzuelakoan:

Gaurkoa izan da azken eguna Eñaut Galparsoro eta Arkaitz Sukia gure bi monitoreentzat. Ezin laburpen hau bukatu guztion esker ona adierazi gabe egin duten lanarengatik. Hacking & Ekin udalekuen antolaketaren ideiarekin hasi ginenean ez genuen imajinatzen horrelako zerbait martxan jartzeak zenbat lan eta esfortzu suposatzen zuen. Arkaitz eta Eñaut gogor aritu dira lanean hasiera hasieratik, asteburu asko pasa dituzte ikastolan burutu nahi genituen tailerrekin probak egiten eta dena txukun antolatzen. Datorren astean ondo merezita duten udalekuetara doaz biak. Ondo pasa eta disfrutatu bikote! Harro egoteko moduko lana egin duzue! Bejondeizuela!