Aspaldi hasi ginen forma ematen, aurten lehenengoz, ikastolan burutzen ari garen udaleku teknologiko hauei. Hasiera hasieratik bi ideia nagusiri heltzen saiatu ginen:
- Haurrek, oro har, teknologiaren eta, konkretuki, teknologia digitalaren alderdi desberdin guztietan trebatu nahi genituen. Horretarako tailer anitzak sortzeko konpromisoa hartu genuen, horietako bakoitzean, ahal zela, jarduera bat baino gehiago prestatzeko asmoarekin.
- Teknologia digitalak leku nabarmen bat izango zuen tailerretan baina baita esku-lanak ere. Euren eskuekin gauzak sortu, muntatu edo eraikitzea nahi genuen, horrela saio bakoitzaren amaieran haurrek eurek sortutako zerbaitekin etxera joatea nahi genuen.
Bi ideia horien inguruan aritu gara landalan azken hilabetetan. Guztira sei saio monografiko prestatu genituen (sei egun desberdinetan garatzeko) eta hamahiru jarduera desberdin. Material guztia aurretik eskatu genuen (egunen batean ipiniko dugu zerrenda; benetan luzea da!) eta jarduera guztiak aurretik probatzen aritu ginen monitoreok, gu ere trebatzen joateko.
Bazegoen, halere, kontu bat ez genuena erabat ondo lotu. Gure aurreikuspen baikorrenetan hogei bat haur udalekuetara etortzea espero genuen; azken finean oporretako lehen aste hauetan asko dira haurrentzat antolatzen diren udalekuak, beraz, lehenengo aldiz antolatzen genituen tailer hauekin ez genuen espero arrakasta gehiegirik izatea. Baina gure ustekaberako gure deialdiak oihartzun handia izan zuen zuen 3. eta 4. mailako haurrengan eta azkenean 46 haur izan ziren izena eman zutenak! Zer egin hainbeste haurrekin? Nola antolatu tailerrak horrelako talde handi batekin? Aukera desberdinak baloratu ondoren, egokiena tailerrak bere horretan mantentzea zela erabaki genuen. Hori bai, hainbat egunetan lan saturazio ikaragarri handia izango genuela garbi ikusten genuen. Gure aurreikuspenetan zegoen egun horietako bat gaurkoa zen. Eta gure beldurrak bete-betean bete dira.
Gaur izango genuen lan karga aurreikusita (eta kontutan hartuta Eñaut eta Arkaitz ez zirela gurekin egongo) DBH3ko hiru ikasle bolondres eskaini ziren esku bat botatzeko. Horretaz gain, Jon eta Mikel irakasleak goiz osoan kapote bat botatzen aritu dira. Guztira bederatzi lagun izan gara haurrei laguntzeko eta halere larri ibili gara. Garbi dago hurrengo baterako gauzak beste modu batean egin beharko ditugula.
Azpian uzten dizuegu gaurko kronika laburra
1) 2D diseinuak objektu bihurtzen
Zerbait saiatu bagara haurrei garbi uzten da, Koolaborategian ditugun makinei esker, eurek sortutako irudi edo diseinuak marrazki bat baino gehiago direla. Alegia, makina hauei esker, euren marrazkiak “objektu errealetan” bihurtu ditzaketela. Horrela, euren marrazkia kamiseta batean erantsi dezakete edota euren logelako atean ipini dezaketen EVA gomaz egindako errotulu batean bihur dezakete. Muga euren imajinazio eta sormenak ezartzen du.
Horrela, aurreko ostiralean ikasitako Inkscape-ko oinarriekin, haurrei koloreetako EVA goman moztu daitekeen errotulu edo izen polit bat diseinatzea proposatu diegu. Ikasleak lanean fin aritu dira baina ezinezkoa izan zaigu haur guztiek egindako diseinuak laser-ebakigailuaren bitartez moztea. Ea datozen egunetan, poliki-poliki eta banan-bana mozten joaten garen diseinu guztiak eta etxera eramaten dituzten nahi duten lekuan ipintzeko.
Bestalde, haurrek etxetik ekarritako kamisetak aurtengo udalekuetako logoarekin serigrafiatzen saiatu gara. Serigrafiak egiteko Lumi Inkodye tinta berezia erabili dugu. Tinta berezi hau eguzkipean ipintzen denean, argi izpiekin erreakzionatzen du eta kotoia tindatzeko ahalmena lortzen du. Horrela tindatu nahi ez diren kamisetaren zonak eguzkitik babestu behar dira. Guk tailerren logoa aukeratu dugu “eguzki izpien iragazki” modura. Horrela kamisetetan koloredun zirkulu bat margotu dugu eta erdian gure logoa kolorerik gabe utzi dugu. Dena den, tinte honek nola funtzionatzen duen ulertzeko egokiena azpiko bideoa ikustea duzue.
Esan dugun moduan, gure aurreikuspenetan gehienera jota hogei kamiseta tindatzea espero genuen. Baina azkenean 46 izan dira! Eskerrak gaur laguntzaile fin eta langileak izan ditugula, izan ere, aurrean esan bezala, DBH3ko hiru ikasle egon dira goiz osoan kamisetak margotzen, eguzkipean ipintzen eta jarraian haurren poltsetan sartzen. Lan itzela egin duzuena Maddi, Enara eta Aiora! Eskerrik asko!
Azpian uzten dizuegu tailer honen fitxa:
2D diseinuak objektu bihurtzen
2) 3D diseinuak objektu bihurtzen
Aurreko tailerraren helburu berbera zuen beste honek. Tinkercad-en egindako diseinuak marrazkiak baino gehiago direla erakutsi nahi izan diegu haurrei. Horrela, eurek egindako irudi bat plastikoz egindako objektu bat izan daitekeen bezala, baita ere izan daiteke forma berezia duen gominola bat edo euren gogoko itxura duen txokolatezko bonboi bat. Kontua da irudimena erabiltzea gauza bereziak imajinatu ahal izateko; gure makinek egingo dute lana gure partetik. Adibide bezala, Thingiverse-n topa daitekeen olagarro sinpatiko honen itxura duten gominolak nola egin ditugun erakutsi diegu haurrei. Tinkercad-en egindako moldea erakutsi diegu eta jarraian molde hori plastikoz eginda eta barruan benetako gominolak nola dauden erakutsi diegu. Azpian dituzue argazkiak:
Haurrek aurreko astean hasitako diseinuekin jarraitu dute gaur. Lan batzuk benetan bikainak izan dira: gazteluak, hegazkinak… baina esan beharra dago haur gehienak orokortasunean erori direla: euren izena letrekin egin dute edo bestela robot itxurako panpinak egin dituzte. Nola edo hala “bizio” hauekin hautsi beharrean gaude; besteek egiten dutenari begira egon beharrean, norberak bere diseinu propioak egitera bultzatu behar ditugu haurrak.
Azpian daukazue tailer honen fitxa:
3D diseinuak objektu bihurtzen
Amaitzeko, eta orain arte egin dugun moduan, azpian daukazue tailerretako argazki albuma. Gaurko argazkiak aurkezpenaren amaiera aldean aurkituko dituzue:
Iruzkin berriak