Goizeko 09:00ak, bero egiten du. Poliki-poliki ikastolara gerturatu dira aurtengo lehen Hacking & Ekin udaleku teknologikoetan parte hartuko duten Jakintza ikastolako Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako 46 haurrak. Oraindik ez dira tailerrak hasi eta dagoeneko ikasleetako batzuk izerditan daude. “Egun gogorra aurretik daukaguna” pentsatu dugu monitoreok. “Nola erantzungo dute haurrek hurrengo lau ordutan antolatu dizkiegun tailer desberdinetan?” Horixe zen gure kezka tailerrekin hasi aurretik. Gure kezkak berehala desagertu dira, izan ere, tailerrekin hasi eta segituan inplikatu dira haurrak prestatu dizkiegun jarduera desberdinetan.
Elkar aurkeztu ondoren, aurretik izango ditugun zortzi egunetan burutuko ditugun ekintzen berri (gainetik bederen) eman diegu etorri diren guztiei. Udalekuak teknologiaren alderdi desberdinak ezagutzeko saio monografikoetan antolatu ditugula azaldu diegu. Gaurko eguna egitura, bolumen eta esfortzuen inguruan joango dela esplikatu diegu. Guztira hiru jarduera desberdin prestatu dizkiegu eta, honen arabera, haur guztiak hiru taldetan banatu ditugu. Jarraian dituzue gaurko tailerren inguruko informazio laburra:
1) Stick Bombs
Horrela deitzen dira medikuek erabiltzen dituzten mihi-depresoreekin egindako egiturak. Makiltxo hauek modu egokian elkartzen badira, beraien artean tentsio indarrak sortzen dira, hauei esker halako energia elastiko bat metatzen delarik makiltxo hauekin sortutako egituretan. Kate hauetan nahikoa da makiltxo bat aske uztea, tentsio guzti horiek askatu eta makiltxo hauek osatzen duten katean zehar “domino efektu” moduko bat sortzeko. Zertaz ari garen ulertzeko egokiena azpiko bideoa ikustea duzue:
Ikastolako patioan burutu dute haurrek jarduera hau. Guztira 1500 mihi-depresore erabili dituzte (gutxi gorabehera ehun bat haurreko) eta benetan gustura ibili dira euren “ziraun beldurgarriak” eraikitzen ;-). Benetan jarduera polita da familian edo lagunartean burutzeko. Norbait animatzen bada horrelako zerbait bere etxean egiten, azpian dauka jarduera honentzat prestatu dugun fitxa didaktikoa. Bertan azaltzen dira jardueraren helburuak, antolaketa, baliabideak eta esteka interesgarriak:
2) Cuboro
Cuboro jostailu bikaina da haurren adimen espaziala garatzeko. Jostailu honek 5×5-eko egurrezko kuboak ditu, batzuk erabat trinkoak direnak eta beste batzuk bide eta tuneletaz zeharkatuak daudenak. Kubo hauek modu egokian elkartuz eta pilatuz, egitura tridimentsional erraldoiak eraiki daitezke, barrutik kanikak iragateko ageriko kamino eta ezkutuko pasabide ugari dituztenak. Esan bezala Cubororekin bolumenarekin eta espazioarekin lotutako hainbat gaitasun garatzen dira, haurrek primeran pasatzen duten bitartean.
Gure kasuan Cuboro Standard eta Cuboro Metro kit bana erabili dugu haurrek euren kanika zirkuituak eraiki ditzaten. Kontutan izanda udalekuek izan duten arrakasta, garbi dago kit bakar batekin motz geratu garela. Ondorioz, haurrei erronka txiki bat planteatu diegu jostailuarekin hasi aurretik. Cuboro Webkit webgunean sartzea planteatu diegu eta han euren zirkuitu “birtualak” diseinatzea eskatu diegu, gero, benetako egurrezko kuboekin, “benetakoak” bihurtu ditzaten. Talde desberdinen artean halako lehiaketa txiki bat egin dugu, ea nork eraikitzen duen kanika zirkuiturik luzeena. Saltsa polita sortu da!
Goikoan bezala, azpian uzten dizuegu jarduera honen fitxa didaktikoa:
3) Egitura magnetikoak
Jarduera honen bitartez egitura zurrunen ezaugarriak zeintzuk diren ulertzea bilatu nahi izan dugu. Hagez osatutako egituretan triangelutzeak duen garrantzia haurrei azaltzen saiatu gara. Horretarako haurrei egurrezko haga txikiekin (pintxoak egiteko erabiltzen direnak), neodimiozko bolekin eta Sugrurekin egindako zotz magnetikoak eman dizkiegu. Azalpen gehiegirik gabe, talde bakoitzari ahalik eta egitura altuena eraikitzeko agindua eman diogu. Haurrak berehala jabetu dira egitura egonkor eta zurrunak eraikitzeko derrigorrezkoa dela hagatxoak hirukietan elkartzea. Horrela, ia talde guztiek lortu dute egitura konplexua zuten egiturak eraikitzea.
Aurrekoa oinarri bezala hartuz, saioaren bigarren zatian, ikasleak hiruko taldetan banatu ditugu eta Marshmallow Challenge-ari heldu diote. Hogei spaghetti, soka, zinta itsaskorra eta guraize batzuen laguntzaz, tontorrean marshmallow bat duen eraikuntza ahalik eta altuena eraiki behar izan dute ikasleek, hori guztia hamazortzi minutuko denbora epe batean. Denbora kontagailua Koolaborategiko telebistan dutela hasi dira lanean. Askori lehen erabakiak hartzea kosta egin zaie eta horretan denbora dezente galdu dute. Beste batzuk, berriz, talde-lanean fin aritu dira, zereginak banatu dituzte eta emaitza bikainak lortu ditzute.
Jarduera bi hauek etxean burutu nahi badituzue, azpian daukazu jardueraren fitxa:
Bukaerarako, bai haur baita monitoreak ere, nahiko nekatuta heldu bagara ere, uste det gaurko lehen esperientzia benetan polita izan dela, bai haurrentzat baita monitoreontzat ere eta haurrak etxera kontentu joan direla. Biharko, gehiago. Bitartean azpian uzten dizkizuegu gaurko saioan ateratako argazkien bilduma
Iruzkin berriak