Select Page

Aurtengo ikasturtearen zati handi bat egin dugu gure makerspace txikia atontzen eta txukuntzen. Arrazoi horregatik hasiera batean nahi izango genituenak baino ekintza gutxiago ipini ditugu martxan espazio berri honetan. Egia esan, aurkezpen ofiziala duela hilabete pare bat izan bazen ere, ez dugu ekimen bat ere aurrera eramateko aukerarik izan.

Gurasoen aurrean egin genuen aurkezpenean azaldu genuen moduan, epe labur-ertainerako lau eragite-ardatzen inguruan lan egiteko asmoa daukagu. Lau eremu horiek azpiko irudian azaltzen dira.

Koolaborategiaren lau eragite-ardatzak

Koolaborategiaren lau eragite-ardatzak

Ez genuen ikasturtea amaitu nahi 2014-2015 ikasturtea zurian utzita. Beraz, “adin guztietako ikasleentzat eskolaz kanpoko ekintzak garatzea” lehentasunarekin erlazionatuta, uztailaren 1etik 10 era, goizeko 09:00etatik eguerdiko 13:00etara, lehenengo Hacking & Ekin udaleku teknologikoak antolatuko ditugu.

Lan-tailer hauek Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako haurrei zuzenduta egongo dira. Udalekuek iraungo duten zortzi egunetan burutuko diren jarduera guztiak tailer monografikoetan banatuko dira: egiturak eta bolumenak espazioan, elektrizitate kreatiboa, 2D eta 3D diseinu digitalaren hastapenak, sorkuntza digitala, robotika eta programazioa. Geratzen diren azken bi saioetan haurrei askatasun guztia emango zaie, aurretik landutakoa modu librean nahastu edo konbinatzeko, sormen lan original eta desberdinak eraiki ditzaten. Euren irudimena eta sormena izango dira muga bakarrak.

Udaleku hauetan burutuko diren lan-tailer guztiak Jakintzako irakasle baten ardurapean burutuko dira eta begirale lanetan, haurrek burutuko dituzten praktiketan aurretik trebatuta dauden gure ikastolako DBH3ko bost ikasle arituko dira, bakoitzak ikasle talde bana izango duelarik bere ardurapean.

Gaur bertan bidali zaie LHko bigarren zikloko guraso guztiei udalekuen berri. Bitartean, datorren astean, gure monitoreak gelaz gela joango dira umeek egingo dituzten jarduera guztien berri ematera. Hitzezko azalpenak baino bideo batek gauzak askoz hobe azaltzen dituenez, Ibonek eta Enekok ondorengo bideoa sortu dute ikasleei egingo dieten aurkezpenean erabiltzeko:

Ea LHko bigarren zikloko haurren artean hacker izpiritua zabaltzen den eta animatzen diren zortzi egun hauetan euren jakintza eta ekintzailetza areagotzen. Horixe da udalku hauen helburu nagusia.