Select Page

Webgune honetara heldu bazarate dagoeneko konturatuko zineten Jakintza Ikastolak 2014-2015 ikasturte honetan abian ipini dituen berrikuntzetako bat bere Koolaborategi berria izan dela.

Pasa den ikasturtearen amaieran hasi ziren obrak eta, aurreikusita zeuden epeak bete ondoren, espazio berria ikasturte hasierarako listo zegoen. Azken bi hiruhilabetetan makina berriak egokitzen eta konfiguratzen, altzariak lortzen eta bere lekuan ipintzen eta mota guztietako tresneria erosten eta sailkatzen aritu gara. Aste Santuko oporretarako gela ia-ia bukatuta zegoen. Beraz, prest genuen dena ezagutu nahi zuenak bisitatzeko eta, garrantzitsuagoa dena, erabili nahi zuenak erabiltzen hasteko.

Bilera, martxoaren 25ean izan zen, arratsaldeko 18:00etan. Bertan guraso, ikasle, ikasle-ohi eta irakasle talde polita elkartu ginen. Bileraren hasieran ekimen berri honen jatorria aurkeztu zitzaien. Koolaborategia bezalako espazio bat zer den eta zertarako den ere azaltzen saiatu ginen eta bukaeran, etorkizunari begira ditugun helburu, asmo eta xedeen berri eman genien. Azpian daukazue erabilitako aurkezpena:

Amaieran, Koolaborategia bisitatuko genuen, bertan ditugun 3D inprimagailuak, 3D eskanerra, laser-ebakigailua, fresatzeko-makina eta bestelako baliabide guztien deskribapena eta azalpen praktikoak eskaini zitzaien han bildutakoei. Eta, bide batez, begi eta belarriak irekita izango genituen bertaratu zirenek egin zituzten ekarpenetara, nola ez!

Azpian dituzue aurkezpenean ateratako argazkien bilduma: