Select Page

Apenas pasa dira hiru hilabete Koolaborategiari hasiera ofiziala eman genionetik eta gure ekimen berri hau dagoeneko ziztu bizian doa. Duela aste batzuk udan egingo ditugun Hacking & Ekin lehenengo udaleku teknologikoak aurkeztu genituen. Gure ikastolan horrelako ekimen bat lehendabiziko aldiz martxan ipintzen zela kontuan hartuta, gure aurreikuspenak nahiko apalak ziren. Baina inskripzioa espero genuena baina askoz ere altuagoa izan da; gehienera jota hogei bat haur espero genituen eta azkenean berrogeita zazpi izango dira. Azkenean, uste baino lan gehiago izango dugu hemendik uztailaren 1erarte.

Horretan genbiltzala, ezusteko handi bat jaso genuen maiatzaren amaiera aspldean. bq enpresatik, laister salgai jarriko duten Cyclone 2.0 fresatzeko-makina txikiaren beta-testinga egiteko proposamena jaso genuen. Aurretik elkarrekin harremanetan izanda geunden, izan ere, bitbloq izeneko programazio ingurunea euskaratu genuen baina inondik inora ez genuen espero gurekin kontatuko zutenik maila honetako zeregin baterako.

Ibone eta EñautHackintza Makers taldeko kideekin egindako bilera batean, mahai gainean genuen erronkari erantzuten saiatuko ginela erabaki genuen. Esan eta egin. Gaur goizean izan dugu lehen saioa Cyclonea muntatzen. Ibone eta Eñaut aritu dira Y ardatza muntatzen, Eneko eta Arkaitz X eta Z ardatzen zati batzuk aurreratzen joan diren bitartean. Egia esan, dagoeneko ohituta daude antzeko makinak muntatzen eta gaurkoa nahiko lan samurra izan da. Hiru ordutan Y ardatza erabat muntatuta zegoen eta beste ardatzen hainbat zati aurreratuta ere.

Bihar arratsaldean Cyclonea erabat muntatuta izango dugula espero dugu. Hala bada, astea amaitu baino lehen makina martxan jarri eta lehen piezak mozteko moduan izango garela uste dugu.

Azpian daukazue gaurko saioan ateratako argazkien bilduma. Hurrengoan gehiago.