Select Page

Gaur goizean goiz ikastolara heldu naizenean opari txiki bat neukan zain idazkaritzan. BQ enpresatik bidalitako kartoi kaxa handi bat zegoen nire izenean. Kaxa ireki eta voila! Madrilgo enpresak laster salgai ipiniko duen WitboxGo! 3D inprimagailu berri bat zegoen barruan. Lehendabizi Cyclone fresatzeko makinarekin eta beranduago Ciclop 3D eskanerrarekin gertatu zen moduan, oraingoan ere BQk gurekin kontatu du bere makina berria probatu, egon daitezkeen arazo edo akats posibleak antzeman eta interesgarria izan daitekeen bestelako feedback-a bueltatzeko.

Aurreko bi kasu horietan DBH3ko ikasleak izan ziren lan horretan aritu zirenak. Makina biak muntatu, muntatze gidak errebisatu eta lehen frogak egin eta bildutako inpresioak idatziz jasotzea izan ziren eduki zituzten zeregin nagusienak. Antza denez, txukun egin zuten agindutakoa ze BQk, oraingoan ere, gurekin kontatu du euren makina berri hau probatzeko.

Lehen “unboxing”ean ateratako argazkietan ikus daitekeen moduan WitboxGo! Inprimagailua aurretik aipatutako biekiko oso makina desberdina da. Are gehiago, orain arte merkatuan aurki daitekeen beste edozein 3D inprimagailuekin alderatuta, zeharo desberdina da. Makina dagoeneko muntatuta dator eta makinaz gain kaxaren barruan datozen bestelako elementuak esku bateko behatzekin konta daitezke: ohea, errasketa bat, USB kable bat, entxufearentzako adaptadore bat eta 300 gr-ko filamentu bobina bat. Horixe guztia.

Oraindik lehen frogak egiten hasi ez bagara ere, lehen begirada batean, nahiko garbi antzematen da ze helbururekin diseinatu eta fabrikatu den WitboxGo!a: inprimatze prozesua ahalik eta gehien sinplifikatu eta erraztea, ezagutza tekniko gehiegirik ez duen edonor makina erabiltzeko gai izan dadin. Sentsore pilo bat ditu makinaren egoera uneoro zein den kontrolatzeko. Hauei esker ohikoak izaten diren hainbat arazo (ohea kalibratu, filamentua bukatu dela egiaztatu edota “punta beroan” egon daitezkeen trabatzeak identifikatu) modu errazean antzeman edota konpon daitezke. Horrela makina erabiltzeko ez dira beharrezkoak ezagutza tekniko sakonak. Makinaren diseinuak berak (kable, motore, mekanika eta elektronika guztia ezkutuan ipini dute) ohiko 3D inprimagailuek ematen duten “errespetua” desagertzen laguntzen du. Nire lankide batek esan didan moduan, “kapsulatako kafe makina baten antza dauka”, botoia sakatu eta pieza inprimatzen da!

Ez da filosofia horrekin kaleratzen doan lehenengo inprimagailua. Txinako Shining3d enpresako EinStart-C edota Oiartzungo Tumaker enpresaren Voladd makinek antzeko helburuarekin sortu direla esango nuke nik. Oraindik goiz da esateko makina mota hauek 3D inprimatzea, poliki poliki, eskola guztietara zabaltzea lortuko ote duten edo ez baina, nire iritziz, bidea irekitzen lagunduko dutela garbi dago.

Hurrengo egunetan ikusiko dugu zein den makinak ematen duen etekina. Amaitutakoan jasotako inpresioak hementxe ipiniko ditugu.